Tolosaldea Garatzenek Lanbidearekin batera, zazpi beka eta denera 9.775 euro bideratuko ditu eskualdean ekintzailetza sustatzera

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko urr. 16a, 11:00

Tolosaldeko Garapen Agentziak Lanbideren bitartez, beste behin ere, eskualdeko ekintzaileei bultzada eman nahi die. Horretarako zazpi beka jarriko ditu eskualdeko ekintzaileen eskura. Horietako lau enpresa ideia berri bat garatzeko asmotan dabiltzanentzat izango dira eta beste hiru enpresa ekimen berri bat martxan jarri nahi dutenentzat eta bideragarritasun azterketa egina dutenentzat.

Enpresa ideia bat garatu nahi dutenentzako bekek ere bi hartzaile ezberdin izango dituzte, hala, lautik bi 18-25 urte bitartekoentzat izango dira, eta beste biak, 25 urtetik gorakoentzat. Beka edota diru laguntza guztiak eskualdeko ekintzaileei zuzenduta daude eta hiru hilabeteko eperako balioa dute. Aipatu ere, aurkeztutako proiektuen artean, lehentasuna izango dutela izaera berritzailea dutenek eta hazkunderako aukera eskaintzen dutenek. Baita, eskualdeko ehun ekonomikorako interes berezia dutenek ere. Bestalde, lehenetsiko dira ere zerbitzuen sektoreari zuzenduta dauden jarduerak, hala nola, ikerketa eta garapenarekin lotuak, marketingarekin, ingenieritzarekin edota teknologia berriekin.

Enpresa ideia bat garatzeko bideratutako beken kasuan, 25 urtez azpikoei 1.300 euro emango zaizkie beraien lana aurrera eraman dezaten. Baina horretarako, baldintza batzuk ere bete behar dituzte. Esaterako, langabeak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea; helburu bereko beste laguntzarik ez jasotzea; ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian lehendik alta eman ez izana eta esklusiboki hona dedikatzea zehaztutako epealdian.

25 urte baino gehiago dituztenen kasuan baldintzak berdinak izango dira, baina hauek 1.300 euro ordez 1.000 jasoko dituzte.

Aipatu bezala, azken hiru bekak enpresa jarduera bat martxan jartzea buruan duten horientzat izango dira. Kasu honetan, negozio ideia buruan izatetik haratagoko pauso bat eman dutenei dago zuzendua, izan ere, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana egina izatea. Era berean, behin bekaldia amaituta, gehienez hiru hilabeteko epean, autonomoetan alta ematea eskatuko zaie bekaren onuradunei. Azaldu moduan, beka hauek ere hiru hilabeteko iraupena izango dute eta diru kopuruari dagokionean, 25 urte baino gutxiago dituztenei zuzendutakoan 1.950 euro emango zaizkio eskatzaileari eta 1.500 euro, 25 urte baino gehiago dituenari.

Eskaerak egiteko epea urriaren 28an amaituko da. Horretarako, interesa dutenek Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri behar dute harremanetan, Lehiberri zentrora bertaratuta, 943 654501 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!