Lehen Enplegunearekin ereindako uzta oraindik ere jasoaz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko ira. 16a, 13:23

Josune ile apaindegiak iazko Enplegu programan parte hartu zuen eta emaitzarekin gustura, orduan egindako kontratazioarekin jarraitzen du

Duela hainbat hamarkada ireki zituen ateak Tolosako Alde Zaharrean kokatuta dagoen Josune ile apaindegi eta estetika zentroak. Familiako negozioa izan da beti Josune Labaien eta bere senitartekoek aurrera atera dutena, hain zuzen, mende laurdenetik gora daramate Tolosa eta tolosaldeko herritarren zerbitzura.
 
Baina Labaienen hitzetan «erreleboa pixkanaka pasatzean» pentsatzen hasiak gara eta jende berria negozioan sartzeko unea iritsi da. Horregatik, iaz estreinakoz Eskualdeko Enplegu Programan parte hartzea erabaki zuten. «Programa berezi baten bitartez, jendea kontratatzearen truke enpresei diru laguntzak emango zizkietela jakin genuen eta proba egitea erabaki genuen».
 
Izan ere, Josuneren hitzetan krisiaren eraginez eta batez ere BEZaren igoera dela eta, ile apaindegientzako eta sektorearentzako garai zailak dira honakoak. Ondorioz, jendea kontratatzeko garaian tentuz ibili behar da. 
 
Enpleguneak eta Eskualdeko Enplegu Programak aukera bikaina suposatu zuen beraientzat, honek ziurtasunez pertsona bat kontratatzeko aukera eman baitzien. «Gainera gure kasuan izugarrizko zortea izan dugu, bete-betean asmatu baitugu pertsonarekin» baieztatzen zuen Josune ile apaindegiko arduradunak.
 
Gauza bera dio Belenek, Josunek kontratatutako ile apaintzaileak. Belen, hainbat urtetan Donostiako ile apaindegi batean lanean aritu ostean langabezian zegoen eta lanpostu zehatz hau eskaintzen zela ikustean, aukera ona izan zitekeela pentsatu zuen, eta bertan izena eman. Hasiera batean, diru laguntzari esker, hiru hilabeteko kontratua egin zioten baina ondoren bi aldeek horrela adostuta luzatzea erabaki zuten eta egun oraindik ere Tolosako ile apaindegian jarraitzen du Belenek.  
 
Hala, beraien esperientzian oinarrituta, Enplegunean parte hartzera animatzen dituzte Josune eta Belenek eskualdeko enpresak nahiz langabetuak. Eta erakunde publikoei honen moduko laguntzak ematen jarraitzeko eskatu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!