Oro har, urte guztian zehar, zein da Enplegu Zentroak eskaintzen duen zerbitzua?
Enpleguarekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen ditugu, betiere atentzio pertsonalizatua eskainiz, baita taldekakoa ere nahi izanez gero. Era berean, lan eskaintzak kudeatzen ditugu, lanerako orientazioa eta informazioa eskaini. Baita, formaziorako orientazioa eta informazioa ere. Horrez gain, Enplegu Zentroan lana aurkitzeko baliabideak dauzkagu nahi duen ororen eskura, eta dohainik erabiltzeko. Hala nola, ordenagailuak, inprimagailua… Azkenik, eskualdeko enplegu programen kudeaketa ere geuk egiten dugu eta baita hortik kanpo dauden hainbat lan eskaintzetako hautaketa prozesuak ere.
Zenbat jende igarotzen da zerbitzutik eta zeintzuk dira jendearen kezka nagusiak?
Tolosaldeko Lanbide zerbitzuak arreta ematen dien erabiltzaile guztiek dute zerbait komunean: lan bila ari dira gutxiago edo gehiago. Hala eta guztiz ere, lan munduan txertatzeko arazo gehien duten kolektibo horietan arreta berezia jarri ohi dugu. Kolektibo gisa bereizten dituzten eta topatu ditugun gabeziak edo zailtasunak hainbat arlotakoak izan daitezke: gizartekoak, ekonomiakoak, familiakoak edo kulturakoak.
Datu bat ematearren, 2014an 644 pertsonek atentzio pertsonalizatua jaso zuten. Tolosaldea Garatzeneko Lanbidera prestakuntza bila, lanpostu baten bila... Eta horrez gain enplegu zentroan 521 kontsulta izan ziren.
Zer nolako garrantzia du herritarrei begira, Enplegu zentroan eskaintzen den zerbitzua bezalakoa eskaintzeak?
Garrantzia handia du. Izan ere, beharrezkoa da pertsona guztiei lana bilatzeko momentuan informazioa eta tresnak eskaintzea beraien egoera profesionala hobetu dadin
Lan bila dabilen bati, motzean, zein aholku emango zenizkioke?
Lana bilatzerakoan aktiboa izatea, bakoitzak zer eskaini edota eman dezakeen merkatuan ongi zehaztea eta horretarako ahaleginak egitea.
Eskualdeko Enplegu Programari dagokionean, zein da Tolosaldea Garatzenen lana?
Lehenik eta behin prospekzioa egitea. Horretarako, eskualdeko enpresa txiki, ertain, handi eta autonomoei ea kontrataziorik egitea aurreikusten zuten galdetu genien. Hori Tolosaldea Garatzeneko departamentu ezberdinen bitartez gauzatu zen
Behin informazio hori jasota, ondoren lan eskaintzaileekin ezkondu behar izan ditugu Lanbideko aplikatiboan aurkituz hautagaiak, hau da, langabetuak. Eta hori egin ostean Enplegunean enpresek eta langabetuek elkar ezagutzeko aukera izaten dute.
Iaz esaterako, 200 pertsona baino gehiago pasa ziren hautaketa prozesu horretatik eta 42 kontratazio egin ziren Lanbidek emandako diru laguntzaren barruan. 42 lanpostu horietatik 21 gizonezkoek bete zituzten eta beste 21 emakumeek. Bestalde, erdiei kontratatuak berritu dizkiete laguntza epea bukatu ostean.
Lehen Enplegunearen zein balorazio egin duzue?
Balorazioa oso positiboa izan da. Programa hau martxan jarri zenean kontratazioak empresa pribatuetara bideratzea erabaki zuten eskualdeko udalek. Izan ere, horrela eginda, langabetuak lanean jarraitzeko posibilitate gehiago izango zituztela pentsatu zuten. Eta zorionez horrela izan da. Lanpostuen kalitatea eta jarraikortasunaren aldeko apustua egin dugu.
Honek poza eta indarra ematen du enpresekin eta langabetuekin lanean jarraitzeko eta aurtengo enplegu planean ere horrela izateko ahaleginak egingo ditugu Tolosaldea Garatzenetik.
Bestalde lanpostuak oso desberdinak izan ziren eta honek profil desberdineko pertsonak laneratzeko aukera eman zuen. Langunea bi egunetan antolatu genuen eta momentuan kontratazioak egiteko aukera egiteaz gain hurrengo lan beharretarako langabetuak ezagutzeko aukera izan zuten enpresek. Ondorioz, zenbait enpresek gerora, egun horietan ezagututako langabetuak kontratatu zituzten nahiz eta laguntzarik ez izan.
Nabarmentzekoa da ere, Enpleguneak eskualdeko enpresen artean egiten dugun lana zabaltzeko balio izan digula eta une honetan eskualdeko enpresek enplegu zerbitzura gero eta gehiago jotzen dutela lanerako norbait behar dutenean.