Langabeziak beheranzko joerarekin jarraitzen du eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko ira. 15a, 13:13

%12,7ko langabezia tasa da une honetan Tolosaldean, eta 2012ko enplegu mailara iritsi da.

Langabezia eskualdean izaten ari den bilakaeraren inguruko txostena argitaratu zen duela egun gutxi, SEPE (Lanbide), Eusko Jaurlaritza eta Gizarte Segurantzako uztaileko datu ofizialetan oinarrituta. Bertan besteak beste Tolosaldeko datuak agertzen dira eta hauen arabera, duela hamalau hilabete abiatutako bideari jarraituz, langabezia tasa jaisten ari da eskualdean. Hala, zifrek erakusten dutenez 2015eko uztailean 2.896 langabetu daude eskualdea. Horrenbestez, 2012ko enplegu mailara iritsi gara.

Eskualdeko langabezia tasa une honetan %12,7koa da. Horrenbestez, krisia hasi zen garaiarekin alderatzen bada, 2008ko urritik ona langabetuen kopurua %73 igo dela esan daiteke. Gipuzkoako bataz bestekoarekin alderatuz, datuak antzekoak dira, lurraldean %60 igo baita orotara. Dena den, 2015ean bilakaera onena izaten ari diren eskualdeak Urola Erdia, Urola Kosta, Debagoiena eta Tolosaldea dira. Krisiak kolpe gogorrenak 2009an eta 2012an eman zituen, orduan galdu baitziren lanpostu gehien.

Txostenean langabetuen profila nolakoa den ere agertzen da, eta Tolosaldekoari dagokionean, horietatik %8a 25 urtetik beherakoak dira, beste %46 25-44 urte bitartekoak, eta gainontzekoak, hau da, %46a, 44etik gorakoak. Sexuari dagokionean berriz, emakumeak dira gehienak %58 hain zuzen ere. Langabetu horiek nondik datozen edo zein sektoretan ziharduten ere agertzen dute datuek. Eta horren arabera, eskualdeko sare ekonomikoarekin bat egiten dute galduriko lanpostuek. Langabetuen %18a industrian ziharduen, %8a eraikuntzan, %2a nekazaritzan eta gainerako %60a zerbitzuetan.

Orotara Tolosaldean uztailean 1.737 lan-kontratu erregistratu ziren, azken bost urteotako daturik altuena. Horietatik %94 behin behinekoak. EREan aurkitzen diren pertsonak ere zenbatu dira, hauek etorkizun motzera begirako adierazleak baitira. Kasu honetan ere esan beharra dago, kopuruak nabarmen jaitsi direla. Zifren arabera, denera 14 enpresa (259 langile) sartu dira EREan Tolosaldean. Gipuzkoako datuei erreparatuz gero, lurralde historikoan 1973 pertsona daude EREan. Aipatu ere Tolosaldean autonomo moduan 4496 afiliatu zeudela uztailean (3.865 RETAn, 506 etxeko langile moduan eta 125 lehen sektorean). Azken datu moduan aipatu berriz, Gizarte Segurantzako afiliazioak orokorrean, hau da, guztiak hartuta (besterentzako lanean eta autonomo moduan), 2007tik 2.417 lanpostu galdu direla guztira Tolosaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!