Kontratazioetarako diru-laguntzak jasotzeko, hilaren 11ra arte eman dezakete izena eskualdeko enpresek

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko ira. 4a, 10:46

Ekainean jakinarazi bezala, martxan da Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean (eskualdeko herri guztien atxikimenduarekin), Lanbideren bitartez sustatutako Eskualdeko Enplegu Programa.

Horrela, Lanbidek emandako diru-laguntza eskualdeko enpresek erabili ahal izango dute kontratazioak egiteko. Langabezian dauden pertsonak kontratatzearen truke, izaera juridiko desberdina duten enpresek, nahiz banakako enpresariek jaso dezakete diru-laguntza.

Tolosaldean kokatuta dauden enpresek hartu dezakete parte programan eta honakoei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) %75a arte finantzatuko zaie. Baina betiere ondorengo mugekin: sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua 6.000 euro arte; eta kolektibo bereziren batekoa bada (35 urte baino gutxiago dituena; azken 18 hilabeteetan hamabi hilabetez jarraian langabezian dagoena edota RGIa jasotzen ari dena) sei hilabeteko lanaldi osoko kontratuagatik 9.000 euro arte. Aipatzekoa da ere, kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia izan beharko duela, eta horrela egiaztatu beharko du dagokion tokian.

Programaren aurrekontua 366.060 eurotakoa da eta Lanbideren bitartez finantzatua izango da. Enpresak edozein sektoretakoak izan daitezke, eta denera 55 langabetu inguru lan merkatuan sartzea izango da asmoa. Kontratuak urritik aurrera egin ahal izango dituzte enpresek eta maiatzaren 30a arte luzatu daitezke. Bestalde, lanaldi osokoak eta sei hilabeteko iraupenekoak izango dira kontratazioak.

Interesa duten enpresek Tolosaldea Garatzenen bertan jaso ahal izango dute informazio gehiago. Lehiberri zentrora bertaratuta, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta edota e-mail bat bidalita ondorengo helbidera: lehiberri@lehiberri.eus. Izena emateko epea irailaren 11n amaituko da.

Hautagaientzako informazio saioak

Behin eskaintza guztiak bildutakoan, hau da irailak 11 inguruan, Tolosaldea Garatzeneko lan-taldeak aztertuko ditu eta aldi berean, eskatzaileen zerrenda osatzen joango da. Eskaintzetan parte hartzeko aurrez Lanbiden izena emanda egon beharko da. Enplegunea berriz urriaren 1 eta 2an egingo da Lehiberri zentroan bertan. Eta honakoak nola funtzionatuko duen azaltzeko nahiz lan eskaintzak banan bana azaltzeko, informazio saioak egingo dira irailaren erdialdean.

Ondorengo egun eta orduetan:

Irailak 14, astelehena: 10:00etan Lehiberri Zentroan.

Irailak 15, asteartea: 10:00etan Lehiberri Zentroan.

Irailak 16, asteazkena: 10:00etan Lehiberri Zentroan.

Irailak 17, osteguna: 10:00etan Lehiberri Zentroan.

Irailak 18, ostirala: 10:00etan Lehiberri Zentroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!