Iaztik hona %60 igo da Tolosaldeko autobus zerbitzuaren erabilera

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko uzt. 10a, 10:54

Sei hilabete igaro dira Tolosaldeko garraio zerbitzu berria martxan jarri zenetik, eta epealdi honetako datuek erakusten duten moduan, gero eta jende gehiagok erabiltzen du autobusa eskualde barruko herri arteko bidaiak egiteko. 

Horrela, garraio zerbitzuaren maiatza arteko datuak hartuta, eta 2014arekin alderatuz gero, erabilera %60 igo dela ikusi daiteke. 2014ean 42.804 bidaia egin baziren urtarriletik maiatzera, aurten 67.835 bidaia egin dira garai berdinean. Nabarmentzekoa da gainera, zerbitzua pixkanaka egokitzen doala eskualdeko errealitatera eta ondorioz, erabilera datuak ere goraka doazela.

Linea erabiliena Tolosa-Berastegi izan da 20.031 bidaiekin; iaz garai berdinean 13.311 bidaia egin ziren, %66,5ko igoera suposatuz. Ondoren, Tolosa-Asteasu linea berria, 19.386 bidaiekin.

Tolosaldeko garraio zerbitzu berriaren berritasun nagusienetako bat eskaripekoa izan da. Hau da, hainbat herri eta auzotara garraioa iristeko, aurrez eskaera egin beharra dago. Horrek herritarren inplikazioa eskatzen zuen, eta oro har kultura aldaketa bat ere. Baina, datuek erakusten dute, jendeak ondo erantzun duela eta pixkanaka ohiturak aldatzen ari direla. Horren adibide Alegiatik Altzora doan zerbitzuan iaz 463 bidaia egin baziren urtarriletik maiatzera, aurten dagoeneko 665 bidaia egin dira. Eta Tolosa-Hernialde zerbitzu berriak bidaiarik ez egitetik urtarriletik maiatzera 613 bidaia egitera pasa da.

UDAKO ORDUTEGIA MARTXAN

Ikasturtea amaituta, uztailaren 1etik aurrera garraio zerbitzuaren ordutegia aldatu egin da. Horrela, gainontzeko urte guztian zehar larunbatetan indarrean zegoena, udan astelehenetik larunbatera izango da. Igandeetan berriz, aurreko bera mantenduko da.

Bestalde, aipatu bezala, oraindik ere egokituz doan zerbitzua da eta ondorioz, erabiltzaileen eskaerei irtenbidea emanaz, bi lineatan aldaketak egin dira.

• Batetik, Tolosa-Berastegi artean joan-etorri berri bat jarri da martxan: Tolosa-Berastegi 08:00etan eta Berastegi-Tolosa 08:20ean, astelehenetik larunbatera, lanegunetan.

• Bestetik, Tolosa-Amezketa (Abaltzisketa) joan-etorrian Tolosako 14:35eko irteera 15:10era pasako da eta Abaltzisketatik 15:35ean aterako da, astelehenetik larunbatera, lanegunetan.

•Hala ere, Gipuzkoako beste eskualdeekin alderatuz gero, emaitzak ez dira horren onak eta bertako baldintzak kontuan hartzekoak baldin badira ere, ikusten da asko dagoela egiteko. Izan ere, Tolosaldea orotara 67.835ek erabili dute garraio publikoa 2015ean; baina esaterako Goierrin 95.531ek.

Garraio zerbitzu berria 2014ko abendua amaieran jarri zen martxan eta diseinuaren lanketa partaidetza prozesu luze baten bitartez garaitu zen. Tolosaldeko kasuan, esperientzia pilotu gisa, udalekin eta eragileekin egin zen prozesua eta aldundiaren zerbitzua guztien artean zehaztu zen. Prozesu horren bidez eskualdeko aspaldiko hainbat eskaerari erantzun zitzaien:

•Gaueko zerbitzua. Hainbat udalek eskatu zuten gaueko zerbitzua jartzea, gaur egun ez baitzuten, eta onartu egin zaie larunbatetan zerbitzua jartzea.

•Linea berriak. Hainbat herri eta herriguneetatik urrun dauden zenbait herritako lotura bermatu da.

Hala ere, Tolosaldearen baldintzak kontuan hartzekoak baldin badira ere, eskualdeko mugikortasun datuen aurreikuspenetik urruti daude datuak eta garraio zerbitzuaren erabilera handitzeko pausoak ematen joango da eskualdeko erakunde publikoetatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!