Zein ziklo egin dezaket eskualdetik atera gabe?

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015ko mai. 1a, 10:00

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Zentroak eskualdean kokatzen diren ikastetxeek zein ziklo eskaintzen dituzten erakusteko orientazio saio bat antolatu du. Jardunaldia maiatzaren 7an izango da Lehiberri zentroan bertan. Hala, eskualdeko lau zentrotako ordezkariak bertaratuko dira Apatta Erreka industrigunean dagoen zentrora eta nahi duen orori, beraien egoitzetan zer ikasi dezaketen azalduko diete.

Orientazio jardunaldia zentroko auditorioan bertan izango da eta honako ikastetxeek hartuko dute parte: Tolosaldea Goi Mailako LH Institutua, Paper Eskola-Don Bosco ikastetxea, Fraisoro eta Peñascal fundazioa (Lanbide Heziketarako Hastapeneko kurtsoak ematen baitira bertan).

Oro har ikastetxeek, ikasturtean zehar ate irekiera jardunaldiak egiten dituzte eta horietan, bertaratzen direnei, beraiek duten eskaintza azaldu. Baina Tolosaldea Garatzenek ekimen honekin, eskaintza guztia batu nahi izan du, zerbait ikastekotan baina noraezean dabilen horrek, aukera guztiak une berean ezagutu eta azter ditzan. Hala, 18:00etan hasiko da jardunaldia, eta ikastetxe bakoitzeko ordezkariak, txandakatuz, banan bana beraien zentroen inguruko informazioa ematen eta bertaratzen direnen zalantzak argitzen joango dira. Gutxi gorabehera 20:00ak arte iraungo du saioak.

Jardunaldian parte hartzea dohainekoa izango da eta nahi duen oro bertaratu ahal izango da. Hala ere, antolakuntza lanak errazteko jendeari aldez aurretik izena emateko eskatzen zaio. Horretarako bi aukera dituzte interesatuek, batetik, telefonoz deitzea 943 65 45 01 telefono zenbakira edota posta elektronikoz, lan@tolosaldea.net helbidera idaztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!