Horietako 18 Tolosan, 3 Ibarra, 2 Amasa-Villabonan, eta beste bana Baliarrain, Aduna, Zizurkil, Irura, Alkiza, Leitza eta Andoainen. Honi esker, 41 lanpostu zuzen sortu dira eta proiektu horiek guztiak martxan jartzeko egin den inbertsioa 824.244 eurotakoa izan da. Enpresa bakoitzaren bataz-besteko inbertsioa 27.474,8 €-koa izan da, 1,36 lanpostu sortuz.
Sortutako enpresa gehienak txikizko merkataritzari eta norbanako eta enpresei zuzendutako zerbitzuei lotuak daude. Hala nola, arropa eta osagai denda; ile-apaindegi; aseguru konpainia; akademia; iturgintza eta pintura enpresak; arkitektura estudio, psikopedagogia zerbitzua; umeen arropa denda; aholkularitza enpresa; on-line salmenta; argazki denda; okindegi+kafetegia; fruta-denda, indusketa enpresa, surf taulen ekoizpen eta komertzializazio enpresa eta abar…
Nahiz eta sortutako enpresak 30 izan askozaz ere gehiago dira, ideia bat buruan dutela Tolosaldea Garatzenera aholku eske hurbiltzen direnak. Esaterako 2014ean, 216 pertsona pasa dira Lehiberri zentroan kokatzen den Ekintzailetza sailetik zituzten asmoak azalduz. Gehienak ere, hasierako informazio orokorraren bila hurbildu ziren.
2014. urtean Tolosaldean beraien enpresa martxan jarri duten ekintzaileen profila oro har, honakoa da: bataz-besteko adina 41,3 urte, %56,6 emakumezkoa da, prestakuntza maila ertaina duena, aldez aurretik laneko esperientziaren bat izan duena, eta Tolosaldeko herriren batean bizi dena.
Lau enpresa berri Lehiberri zentroko hazitegian
Lau enpresa berrik, Apatta Erreka industrigunean, Lehiberri zentroko hazitegietan dute kokalekua. Izan ere, ekintzailetasuna sustatzeko asmoz, Lehiberri zentroak enpresa berriei beraien hastapenetan laguntzeko zazpi hazitegi ditu eta egun horietako sei alokatuak daude, Tolosaldeko zazpi ekintzaileek sei negozio berritzaile sortu dituztelako.
Ekintzailetza sailari esker, Tolosaldea Garatzenek enpresa proiektu bat aurkezten duenari asmo hori aurrera eramateko behar duen laguntza guztia eskaintzen dio. Horretarako sortu zen ekintzaileari laguntzeko zerbitzua, tutoretza pertsonalizatuaren bidez enpresa ideia, aldagai garrantzitsuak, arriskuak, eta abar aztertuz. Beraz, ideiaren bideragarritasuna zehaztu ondoren, Negozio Plana egiten da eta enpresa abian jartzeko behar den finantzaketa bilatzera jotzen da. Enpresa jada abian jarri delarik, zerbitzuak segimendua egiten du, enpresa bat eratzerakoan ezinbestean sortzen diren arazoak konpontzeko eta zalantzak argitzeko.