Lehiberrik ere parte hartuko du Gipuzkoako informatika zaleen topaketa handienean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015eko martxoaren 13a

Gaur eguerdian hasita, igande arratsaldera arte hitzordu garrantzitsua dute informatika eta teknologia berrien zaleek Tolosan. Bertan ospatuko baita, bederatzigarrenez, Gipuzkoa Encounter jaialdia. Urtero bezala Usabal kiroldegia izango da erdigunea, eta 600 lagunetik gora elkartuko dira bertan. Hiru egunez, atsedenik hartu gabe, jokoak, lehiaketak, deskargak… egiteko aukera izango dute.

Gipuzkoa Encounter edukiz josia dator oraingo honetan ere, sari garrantzitsuak, lehiaketak, animazioak eta abarrekin. Eta aurten, iaz hasitako bideari jarraituz Lehiberri zentroak eta Tolosaldea Garatzenek ekimenean parte hartuko dute. Izan ere, Lehiberrik eskualdeko enpresetan berrikuntza nahiz garapena sustatzea ditu helburu, tartean, teknologia berriak txertatzen joatea nola ez. Hori dela eta, aurten Gipuzkoa Encounter eta Lehiberriren artean lehen urrats bat eman da elkarlanerako.

Jaialdiaren baitan, hainbat ikastaro eta tailer antolatzen dira Usabalen bertan, aurten gainera Opengunea izango da estreinakoz parte-hartzaileentzat nahiz kanpotik datozenentzat. Eta oraingoan, saio horiek Lehiberrik sustatuak izango dira.

 

HITZALDIAK

Martxoak 13, ostirala

17:00etan Hardware gunean 3Dko inprimaketa, oinarrizko kontzeptuak eta merkatuan dauden modeloak.

17:00etan Hitzaldi Gunean: Pribatutasunaren balioa aro digital berrian. Non dago muga?

18:00etan Hitzaldi Gunea: PuntuEUS domeinua: web migraziorako gako nagusiak.

Martxoak 14, larunbata

10:00etan Hardware Gunean Arduino lantegia – Haririk gabekoak.

18:00etan Hitzaldi Gunean: Telefono mugikorrek eta tabletek musika sortzeko ematen dituzten aukerak.

Oraindik ere izena emateko epea zabalik dago, beraz interesa duen orok Usabal kiroldegira hurbiltzea besterik ez du, ziur zerbait berria ikasiko duela eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!