Tolosaldean barrena, autobusez askoz hobe!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015eko urtarrilaren 9a

Abenduaren 22an jarri zen martxan Tolosaldean Lurraldebuseko autobus zerbitzu berria, aurrez zegoenarekin alderatuz gero, hobekuntza nabarmenak eskainiko dizkiena eskualdeko herritarrei. Izan ere, Tolosaldeko herritarrek eta udalek egindako ekarpenei esker, eskualdeari egokitutako zerbitzu bat osatzea lortu da, maiztasunak eta ibilbideak herri bakoitzeko errealitatera, ohituretara eta beharretara egokituaz.

Horrela, autobus zerbitzu berriak eskualdeko herriak elkarrekin lotzeko balioko du baina baita Tolosaldea jasangarriago bat lortzeko ere. Izan ere, etorkizunean, Tolosaldea jasangarriago, orekatuago eta kohesionatuago bat nahi baldin badugu, denok elkarrekin pauso txiki batzuk eman beharra dauzkagu, eta ohitura batzuk aldatu, hala nola, autoaren gehiegizko erabilera. Horregatik, aldaketa horretarako tresna baliagarri izango da autobus zerbitzu berria.

Badakigu garraio publikoa erabili behar dela esateak ez duela zentzurik, gero, baliabideak eta aukerak eskaintzen ez badira. Horregatik, zerbitzu berriarekin, aldarrikatzetik martxan jartzera pasa gara eta modu honetan, zerbitzu osatu eta erabilgarri bat eskaintzera. Horren adibide, esaterako, ondorengo datuak: joan den urtera arte, 308.000 kilometro inguru egiten zituzten autobusek Tolosaldean, eta aurrerantzean, eskaripeko zerbitzu guztiak erabiliko balira, 811.000 kilometro. Beraz, kilometro kopurua %163 igo ahalko da. Baina horretarako, ezinbestekoa da zuen, herritarren inplikazioa. Errepideetan gora eta behera, herrian barrena, autobusak jendez beterik ikusi nahi baititugu, eta ez hutsik. Horretarako, zerbitzuaren inguruko informazioa ondorengo lekuetan aurkitu dezakezu:

Internetez: www.lurraldebus.eus

Telefonoz: 900 234 555

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!