Ekintzailetza sustatzeko akordioa, bi aholkularitza zerbitzurekin

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2014ko abenduaren 5a

Ekintzailetza sustatzeko bidean beste pauso bat eman nahi izan du Tolosaldea Garatzenek eta horretarako, eskualdeko ekintzaileei beste bultzada bat emateko asmoz, hitzarmena sinatu du Tolosako bi aholkularitza enpresekin, Argituz eta Igarrirekin. Akordio honi esker ekintzaileek baldintza hobeagoetan erabili ahal izango dituzte bi aholkularitza enpresek eskainitako zerbitzuak.

Hala, %50eko hobaria izango dute aholkularitza-zerbitzu guztietan enpresa martxan jartzeko eta sendotzeko, hura sortu ondorengo lehen urte osoan. Horrez gain, %25eko hobaria eskainiko diete ekintzaileei aholkularitza-zerbitzu guztietan enpresa sendotzeko, hura sortu ondorengo bigarren urte osoan. Eta azkenik, prestakuntza, enpresa kudeaketako alderdi ekonomikoetan, fiskaletan, juridikoetan, laboraletan, kontabilitatekoetan…

Aipatu ere, ekintzaileek abantaila horiez gozatu ahal izateko, lehendabizi ezinbesteko baldintza izango da Tolosa Garatzenekin batera egindako Bideragarritasun Plan bat aurkeztea. Izan ere, hasteko, Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetza sailetik aztertu beharko da ea proiektua bideragarria den edo ez, eta ondoren martxan jartzeko laguntza eta bideak eskaini. Agertutako hitzarmena datorren urte amaierara arte egongo da indarrean, hau da, 2015eko abendura arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!