Bi egunez ospatu da Donostiako Miramar Jauregian, Euskadi-Basque Country Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko Foroa, eta bertan Tolosaldeak presentzia nabarmena izan du. Beste jomuga batzuk egiten duten lana ezagutu eta ikasteko helburuz, eta Tolosaldeko esperientzia ere konpartitzeko asmoz, Tolosako Udaleko eta Tolosaldea Garatzeneko kideak izan dira bertan.
Foro honetan bertan aurkeztu zen Euskadi Gastronomikaren gida berria, non Tolosa Gourmet klubeko kideak, gastronomia ekintza nabarmenak eta Museo Gastronomikoen sareari aipamen berezia egiten zaion, eta horien artean da Gorrotxategi Museoa ere. Gida hau, uda sasoi honetan, Turismo bulegoetan banatuko zaie bisitariei, non jan, zer bisitatu, dastatu... erakusteko.
Asteazken eguerdiko otorduan Rafa Gorrotxategiren eskutik euskal gozogintzaren dastaketa komentatu bat egin ahal izan zen, partaideek gozo anitz dastatu zituzten, xaxua, teila eta zigarrotxoak, pantxineta, mamia, intxaur-saltsa… eta aldi berean Tolosan Gorrotxategi Museoa bisitatu ostean egiten den Teilen Tailerra ere azaldu zuen, bisitariak eskuak masatan sartu eta Tolosako gutizia hau nola egiten den pertsonalki ikasten dutena. Hurrengo tailerra uztailaren 26an, 11:00etan, izango da eta izena emateko Tolosaldea Tour turismo bulegora deitu, 943 697 413 zenbakira, edo email bat bidali behar da tour@tolosaldea.net helbidera.