Euskal Immigrazioaren Behatokiak, Ikuspegik, bertakook immigrazio eta aniztasunari buruz dauzkagun jarrera eta iritziak neurtzen ditu. Ikerketa hauek ia urtero berritu eta argitaratzen dituzte eta ondorioz gure jendarteak gai honetan duen bilakaera jasotzeko balio digute.
Erakunde honek 2013ko datuekin egin du bere azkeneko ikerketa orokorra, eta bertan jasotakoaren arabera gure gizartearen %20ak immigrazio eta aniztasunaren aurkako jarrera nabarmenak ditu; beste %30a ostera, beste muturrean kokatzen da, aldekoak dira. Eta gainontzekoak, hots, biztanleriaren erdiak, jarrera kontrajarriak ditu, batzuetan alde eta besteetan aurka daudela adierazten dute, beti ere galdetzen zaien gai zehatzaren arabera.
Aurkezpenean udaletako ordezkariek azaldu dutenez, «guretzat, datu hauek interesgarriak ez ezik aintzat hartu beharrekoak ere badira, aniztasunaren errespetuan oinarritutako elkarbizitzaren alde lan egiteko esparrua dagoela adierazten digutelako. Eta gainera, datuok, erronka berri bat plazaratzen digute, alegia, gure herrietako, kale, plaza, eskola, merkatu eta abarretan egin daitezkeen informazio eta sentsibilizazio saioek eraginik eduki al dezakete bizilagunen jarreretan? Edo hau bera beste hitz batzuekin esanda: gauza izango al gara gure herrikideen artean aniztasunaren errespetuan eraikitako elkarbizitza baten aldeko jarrerak sustatzeko?».
Aurkezpenean elkartu diren erakundeak «baiezkoan» daude, eta elkarbizitzaren aldeko «hautu garbi eta erabatekoa» egiten dute, «gure herritar guztiak errespetatuz eta aintzat hartuz. Horregatik, eta erakunde publikoak garen aldetik, aniztasunari errespetuan eraikitako bizikidetza ereduaren aldeko neurri eta ekimenak babestu eta bultzatuko ditugu. Baina argi edukita, langintza hau, guri, erakundeoi ez ezik, gizarte-elkarteei eta herritar guztiei ere badagokiela».
Testuinguru horretan, aurkeztu duten Gipuzkoako zurrumurruen aurkako sarea, Zurrumurruez! izenekoa, «aukera paregabea delakoan» daude «elkarbizitza eredu honen oinarria jartzeko».
Epe ertain eta motzera ekimen hori euren herrietara zabalduko dutela diote, eta «hau une egokia da herritarrek ekimen honekin bat egiteko denon artean jarrera arrazista eta xenofoboak bultzatzen dizuten zurrumurruak errefusatu eta gure herritako aniztasuna goraipatzeko», gaineratu dute.
Honenbestez, «zurrumurruen aurkako lurralde» izendatu dute Gipuzkoa, «bertako biztanle guztiak errespetatuko dituen lurraldea, bakoitzaren jatorri eta kultura ezaugarriak zein diren axola gabe». Eta gonbitea egin dute, «zuei, herritarroi, hemendik aurrera, zurrumurruei ezetz esateko eta Zurrumurruez!-ekin bat egiteko».