Errumaniako rromen bizitzara hurbilduz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2014ko maiatzaren 23a

Maiatzaren 31 arte ikusgai da Aranburu Jauregian Joan etorriko bidaiak, Errumaniako rromen bizitzak izeneko erakusketa. Argazkiz eta panelez osatutako bilduma hau Donostiako Kultura arteko Elkarbizitzarako Programak eta San Telmo museoak prestatu zuten elkarlanean Donostialdean bizi diren Errumaniako emakume ijito etorkinen bizitzaren nondik norakoak erakusteko. Helburua emakume sendo eta ausart horiek ezagutzera ematea da, joan-etorriko bidaien artean beren bizitzak eta beren familienak aurrera ateratzen baitituzte, batzuetan gaitzespena edo alarma eragin dezakeen konbentzionala ez den ekonomia batean oinarrituta.

Adriana Villalón antropologak egindako erakusketan, dirua edo lana eskatuz, hiriko izkinaren batean kokatuta ikusi ohi ditugun emakumeen historia pertsonal eta laboraletik abiatuz, joan-etorriko bidaien artean, bere familiak aurrera ateratzen dituzten emakume hauen beste aurpegi bat aurkeztu eta bere existentzia gogorra nabarmentzen da.

Europa guztian bizi diren rrom taldekoak dira. Gehiengo gizartearen aldetik, bereziki Erdialdeko Europako eta Ekialdekoko herrietan, diskriminazio eta bazterketa sozio-ekonomiko eta kultural historikoa sufritu duen populazioko parte dira. 1864ra arte esklabotasuna eta morrontza jasan zituzten. Nazien erregimenaren garaian ere jazarpena pairatu zuten eta kontzentrazio esparruetara eraman zituzten, eta bertan asko hil ziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Errumaniako gobernu komunistek asimilazio-politikak egin zituzten lan-merkatu konbentzionalean parte hartzeko eta batez ere kualifikazio baxuko sektoreetan lan egin zuten 1989tik, aurreko erregimenaren erorialdiarekin, merkatu-ekonomiara pasatzeko emandako erreforma gogorrek (fabriketako itxiera eta kaleratzeak, pribatizazioak, nekazaritzako mekanizazioa, gizarte estaldura txikiagoa, eta abar...) rrom populazio honi eragin zioten. Beren lana galdu, eta oro har, erretiroa edo langabezia eskubidea ez izateak, emakume horiek eta euren familiek Europako hainbat herrialdetara migratzeko aukera besterik ez zuten ikusi, eta horrela Euskal Herrira iritsi ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!