Gipuzkoa Encounter edukiz josia dator oraingo honetan ere, sari garrantzitsuak, lehiaketak, animazioak eta abarrekin. Eta aurten, estreinakoz, Lehiberri Zentroak eta Tolosaldea Garatzenek ekimenean parte hartuko dute. Izan ere, Lehiberrik eskualdeko enpresetan berrikuntza nahiz garapena sustatzea ditu helburu, tartean, teknologia berriak txertatzen joatea, nola ez. Hori dela eta, aurten Gipuzkoa Encounter eta Lehiberriren artean lehen urrats bat eman da elkarlanerako.
Jaialdiaren baitan, hainbat ikastaro eta tailer antolatzen dira Usabalen bertan, parte-hartzaileentzat nahiz kanpotik datozenentzat. Eta oraingoan, saio horiek Lehiberrik sustatuak izan dira.
Hitzaldiak
• Larunbata, apirilak 5, 18:00. 3Dko inprimaketa, oinarrizko kontzeptuak eta merkatuan dauden modeloak.
Tailerrak
• Ostirala, apirilak 4, 17:00. Produktuen diseinuan oinarritutako tailerra: Ideia bat izatetik, proiektu bat edukitzera.
• Larunbata, apirilak 5, 11:00. Arduinori buruzko lantegia (1. zatia). Prototipoak sortzeko elektronika-plataforma ireki bat da Arduino, eta software eta hardware malgu eta erabilerrazetan oinarrituta dago.
• Larunbata, apirilak 5, 16:00. Arduinori buruzko lantegia (2. zatia).
• Larunbata, apirilak 5. Hama Beads Pixel tailerra.
Oraindik ere izena emateko epea zabalik dago, beraz interesa duen orok Usabal kiroldegira hurbiltzea besterik ez du, ziur zerbait berria ikasiko duela eta.