Jardunaldia apirilaren 7an izango da Lehiberri zentroan bertan. Hala, eskualdeko bost zentroetako ordezkariak bertaratuko dira Apatta Erreka industrigunean dagoen zentrora eta nahi duen orori, beraien egoitzetan zer ikasi dezaketen azalduko die.
Orientazio jardunaldia zentroko auditorioan bertan izango da eta honako ikastetxeek hartuko dute parte: Tolosaldea Goi Mailako LH Institutua, Inmakulada ikastetxea, Paper Eskola-Don Bosco ikastetxea, Fraisoro eta Peñascal fundazioa (Lanbide Heziketarako hastapeneko kurtsoak ematen baitira bertan).
Oro har ikastetxeek, ikasturtean zehar ate irekiera jardunaldiak egiten dituzte eta horietan, bertaratzen direnei, beraiek duten eskaintza azaldu. Baina Tolosaldea Garatzenek ekimen honekin eskaintza guztia batu nahi izan du, zerbait ikastekotan baina noraezean dabilen horrek, aukera guztiak une berean ezagutu eta azter ditzan. Hala, 10:00etan hasiko da jardunaldia, eta ikastetxe bakoitzeko ordezkariak, txandakatuz, banan bana beraien zentroen inguruko informazioa ematen eta bertaratzen direnen zalantzak argitzen joango dira. Gutxi gorabehera 13:00ak arte iraungo du saioak.
Jardunaldian parte hartzea doakoa izango da eta nahi duen oro bertaratu ahal izango da. Hala ere, antolakuntza lanak errazteko jendeari aldez aurretik izena emateko eskatzen zaio. Horretarako bi aukera dituzte interesatuek, batetik, telefonoz deitzea 943 65 45 01 telefono zenbakira edota posta elektronikoz, lan@tolosaldea.net helbidera idaztea.