TEEP TOLOSALA 4-5 BATZARRE FUTBOL-5 A.D.

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2022ko mar. 30a, 12:16

Playoff-etako ametsa urruntzen da...

Etxeko taldeak ez zuen punturik lortu larunbateko norgehiagokan. Partidan zenbait aukeretan aurretik joan arren, Tolosarrek ezin izan zuten sailkapenerako punturik gehitzerik lortu.

Aurreko jardunaldiko markagailuak minduta utzi zituen Tolosarrak. Atsedenaldira 0-3koarekin joanda, ezin izan baitzuten punturik lortu Bilbon. Oraingoan, norgehiagoka hori ahaztu eta partida irabaztekotan atera ziren kantxara.

Norgehiagoka ondo hasi zen etxeko taldearentzat, Unai Alustizak etxeko taldea aurreratzea lortu baitzuen norgehiagoka hasi eta 2 minutura. Hurrenaren bila joan ziren baina tamalez, Asier Yarzak bere atean sareratu zuen momenturako berdinketa izango zen gola. Lehen zatiko 13.minuturarte ez zen hurrengo gola iritsiko, eta hau Jon Euxebik sartu zuen, taldeak egindako presio on baten ondoren. Handik gutxira, kanpoko taldeak, partida bigarren aldiz berdinduko zuen gola sartu zuen. Tolosala aukera garbiak edukitzen ari zen eta markagailuan berriz ere aurretik jartzeko lanetan zebilen. Gol hori, berriz ere Jon Euxebik sartuko zuen 18.minutuan. Lehen zatia amaitzekotan zen baina bi taldeek oraindik beste gol bana sartuko zuten. Lehena, Tolosalak sartuko zuen Unai Alustizaren oinetatik. Atsedenaldira 4-2ko markagailuarekin iritsiko zirelakoan geunden baina amaitzeko 5 segundoren faltan, Tolosalak 6.falta egin, eta Batzarre taldeak 4-3koa sareratu zuen penalti bikoitzetik.

Bigarren zatira aurretik iritsi ziren Tolosarrak. Taldea ez zen bate ere eroso sentitzen, ez zuten lehen zatian eta aurreko partiduetan egiten zuten jokoa egiterik lortzen. Tolosalak markagailuan beste gol bat gehitzeko aukerak eduki zituen baina hurrengo gola, Batzarre taldeak lortuko zuen, norgehiagoka berdinduko zuena. Norgehiagoka amaitzeko 5 minuturen faltan, baloia atearen azpitik atera nahian, Tolosalak berriz ere bere atean sartu zuen norgehiagokako azkeneko gola. Momentu horretan, 5eko jokoa ateratzea erabaki zuen entrenatzaileak. Baina hainbat saiakera egin ondoren, ezin izan zuten norgehiagoka berdintzeko gol hori sartzea lortu Tolosarrek.

Galdutako azkeneko bi norgehiagoka hauek, helburutik urruntzen ditu Tolosarrak, baina hurrengo norgehiagokan pentsatzea eta lanean jarraitzea besterik ez da geratzen orain. Hurrengo norgehiagokan, Santurtzira bidaiatu beharko dute gure mutilek. Ea handik azkeneko jardunaldietan lortu ez dituzten 3 puntuak etxera ekartzen dituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!