GORA GRUPO IRON, C.D. 8-5 TEEP TOLOSALA

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2022ko mar. 23a, 10:55

Aukera ona desaprobetxatuta...

Larunbatean sailkapenean sendotzekotan joan ginen Bilbora. Saiatu arren, eta lehen zati bikaina jolastu bagenuen ere, bigarren zatiko 5eko jokoak mina egin eta esku hutsik egin genuen buelta Tolosara.

Larunbatekoa finaltzat genuen egutegian Tolosalako mutilok. Aurreko asteko garaipen baliotsuaren ostean, lehengo urtean 2.B mailan zegoen talde sendo baten aurrean aurpegia ematea tokatzen zitzaigun. Lehenengo zatian zehar jaun eta jabe izan ginen, baina, partiduak 40 minutuko iraupena du eta ez ginen irabazteko gai izan.

Esan bezala, partidua erritmo bizian hasi zuten bi taldeak. Beraiek baloia gehiago izan zuten, baina guk, kontra-erasoan jokatzeko ideia genuen buruan. Horrela planteatu genuen, eta bikain atera zitzaigun pentsatutakoa. Gure aukerak ondo aprobetxatu, ondo defenditu, eta 0-3 joan ginen atsedenaldira.

Oso kontentu geunden. Lana bikaina izan zen. Guztion esfortzua kantxan islatzen zen eta partiduaren bila joan nahi genuen.

Kontuak kontu, bigarren zati hasieratik haiek 5eko jokoa atera zuten. Bilbotarrek ligako goiko postuei eusteko garaipena behar zuten, eta ezer galtzekorik gabe, arriskatu eta bat gehiagorekin hasi ziren jokoan.

Defentsan lan onak egin bagenituen ere, haiek pazientziaz mugitu baloia eta markagailua berdintzea lortu zuten. 3-3 ginen markagailuan, eta guk ere partidua nahi genuela jakinda, 3. sartu zigutenean 5eko jokoa atera genuen. Berehala, hurrengo jokaldian, berriro gola lortu eta aurretik ginen markagailuan. 3-4. Haiek, berriro 5eko jokoa atera eta hurrengo jokaldian 4-4koa jarri zuten. Partidua erabat zoratuta zegoela zirudien, guk berriro atezain jokoa atera eta aurreratzea lortu genuen eta.

4-5 ginen 2 minutu faltan. Izugarrizko sufrimendua zegoen kantxan bi taldeetan. Baina oraingoan, suerte falta agian, gauzak ez zitzaizkigun alde atera. Haiek 5eko jokoarekin jarraitu eta hiru gol lortu zituzten azken minutu erdian. Amaieran beraz, oso gertu izan genuen garaipenak alde egin zigun eta partidua 8-5 amaitu zen.

Taldea oso triste bueltatu zen etxera, playoff postuei eusteko aukera ezin hobeak alde egiten zigulako. Hala ere, gure aukerak hor jarraitzen dute eta partiduz - partidu lanean jarraituko dugu sailkapenean aukerak izan arte.

#GOGOTOLOSALA

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!