TEEP TOLOSALA 7-2 MONDRATE C.D.

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2022ko mar. 15a, 19:04

Momentu bikainean, beste hiru puntu!

A zer-nolako erakustaldia tolosarrek larunbatean emandakoa! Aurreko asteko porrotaren ondoren, etxeko taldea hiru puntuak lortzera behartuta zegoen eta maila oso ona eman zuen partida osoan zehar! Play-off postu horiekin amesten jarraitzeko arrazoiak badituzte mutilek, eta astez aste, lanean jarraituko dute helburua lortzeko.  

Aurreko astean ustekabean galdutako norgehiagokak, minduta utzi zituen tolosarrak. Asteburu honetan Mondrate bezalako aurkari zuzen baten aurkako norgehiagoka irabazi ezkero, postu horietatik hainbeste ez urruntzea lortuko zutela bazekiten, eta hori lortzearren, ilusio eta gogo handiz atera ziren lehen minututik gure mutilak kantxara. Lehen zati hau, golik gabekoa eta aukera gutxikoa izan zen. Bi taldeak, lehen zatiko minutu askotan, deseroso sentitzearen sentsazioa ikusten zen kantxan. Tolosarrek, lehen zatia amaitzeko 2 minuturen faltan, markagailuan aurretik jartzeko izugarrizko aukera izan zuten, Mondrate taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu baitzen, baina ez ziren aukera hori aprobetxatzeko gai izan. Atsedenaldira 0-0ko markagailuarekin iritsi ziren, beraz, bi taldeak.

Bigarren zati osoa zuten aurretik bi taldeek, edozeinek irabazteko norgehiagoka izan zitekeen. Tolosarrak beste martxa batekin atera ziren kantxara eta bigarren zatia hasi eta segundo gutxira, Iker Lopezek norgehiagokako lehen gola sartu zuen etxeko taldearentzat. Hurrengo minutuan, tolosarrek 2-0koa sartzea lortu zuten Alex Ibañez atezainaren oinetatik, honek bere zelaitik baloia hartu eta sekulako korrika-saioa egin ondoren, baloia sareratzea lortuta. Bigarren zatiko 3. minutuan 3. gola iritsi zen, baino hau kanpoko taldeak sartutakoa izan zen, 2-1ekoa, alegia. Azken gol honek bizi-bizian jartzen zuen norgehiagoka berriro ere, baina handik 2 minutura, tolosarrentzat partida lasaituko zuen 3. gola sartu zuen Iñigo Garmendiak. 4-1ekoa, bigarren zati honetako 12. minutuan iritsiko zen Antton Garrok sartutako gol itzelaren ondoren. Markagailuan atzetik zirelarik, Mondrate taldeak atezain jokalaria ateratzea erabaki zuen. Tolosarrek ondo defenditzea lortu zuten eta hurrengo 2 golak kanpoko taldea 5eko jokoarekin zirelarik sartu zituzten. Golegileak Ioritz Otamendi eta Asier Yarza izan ziren. Tolosarren azken gola, norgehiagoka amaitzeko 3 minuturen faltan iritsi zen, Iker Lopezek atezaina lurrean utzi eta 7-1ekoa sartuz. Norgehiagokak amaitutzat zirudien baina defentsan galdutako baloi bat Mondrate taldeak ederki aprobetxatu eta norgehiagoka ixteko 7-2a sartu zuten kanpotarrek.

Norgehiagoka bikaina ikusitakoa baina are garrantzitsuagoak ziren etxean geratuko ziren 3 puntuak. Hurrengo asteburuan, tolosarrek Gora Grupo Iron taldea izango dute aurkari. Borrokan dagoen beste talde bat da talde bizkaitarra. Ea beste hiru puntu lortzen dituzten gure mutilek, amesten jarraitu ahal izateko.

#GOGOTEEPTOLOSALA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!