Izugarrizko partidua larunbatean Uzturpe frontoian ikusitakoa. Talde tolosarrak minutu askotan zehar borrokatu zuen liderraren aurka. Etxeko taldea markagailuan aurretik izan zen arren, azken bost minutuetan kanpokoek sartutako golek partidua erabaki zuten.
Ligako liderra oso indartsu zetorren Tolosarren kantxara, azkeneko 12 partidetatik 11 irabazita. Liderrari dinamika on hori haustekotan atera ziren Tolosarrak hasieratik. Lehen zatian zehar kanpoko taldeak baloia asko eduki zuen arren, etxekoek defentsan egindako lan onak, partida zabalik uzten zuen bi taldeentzat. Atsedenaldira bi taldeak 0-0eko markagailuarekin iritsi ziren.
Bigarren zatia erabat desberdina izango zen. Lehenengo zatian ikusi ez genituen golak ailegatuko ziren bi taldeen eskutik. Harmailetan zeuden zaletuen indarragatik, bigarren zatiko 4.minutuan etxekoen lehen gola iritsiko zen Antton Garroren oinetatik. Etxekoek bazekiten liderraren aurka gol bateko aldea ez zela erabakigarria izango eta hurrenaren bila jarraitu zuten. Tolosarren artean egindako jokaldi bikain baten ostean, Iñigo Garmendiak baloia sareratzea lortu zuen. Etxeko taldea 2 eta 0 aurretik jartzen zen.
8 minutu falta ziren, eta liderrak, partida aldatzekotan, 5eko jokoa atera zuen. Tolosarrek lehen 3 minutuetan defentsan lan oso ona egin zuten, baina partida amaitzeko 5 minuturen faltan, 2-1ekoa jarri zuten markagailuan Pasaitarrek. Handik 2 minutura, gaizki defendatutako jokaldi baten ondoren, 2-2koa jarri zuten markagailuan kanpotarrek. Kolpe gogorra izan zen hura Tolosarrentzat, eta hare gehiago handik minutu batera markagailuari buelta emango zion 2-3a sartu zutenean. Partida lehen aldiz azpitik joanda, etxeko taldeak ere 5eko jokoa atera zuen, zertxobait gehiago lortzeko asmoz. Antton Garrok bere 2 txartel horia jaso eta taldea 3 jokalarirekin geratu zen, eta azken minutuan, partida oraindik itxi gabe zegoenean, norgehiagoka itxiko zuen 2-4koa iritsi zen.
Tolosarrek partida osoan egindako lanak, zerbait gehiago merezi zutenaren zaporea uzten zion etxeko taldeari. Azkeneko minutuetan alde egindako beste norgehiagoka bat Tolosarrentzat. Taldeak dena utzi zuelakoan gaude, eta lana txalotzekoa izan zen, nahiz eta amaieran ez asmatu. Beste behin mila esker taldea animatzera etorri zineten guztioi!
Asteazkenean dugu hurrengo norgehiagoka. Atzeratuta geratu ziren norgehiagoken azkena, Kukuyaga Etxebarri taldearen aurka. Ea oraingo honetan 3 puntuak Uzturpen geratzen diren! Norgehiagoka, asteazkenean, otsailak 9, 20:30etan izango da Uzturpe frontoian.
#GOGOTEEPTOLOSALA
HASIERAKO 5EKOA:
- Alex Ibañez – Atezaina
- Asier Yarza – Hegalekoa
- Iñigo Garmendia – Atzelaria
- Antton Garro – Pibota
- Jon Gallurralde – Hegalekoa
PARTIDUKO JOKALARIAK:
- Alex Ibañez – Atezaina
- Asier Yarza – Hegalekoa
- Iñigo Garmendia – Atzelaria
- Antton Garro – Pibota
- Jon Gallurralde – Hegalekoa
- Martin Lakunza – Atzelaria
- Iker Lacunza – Pibota
- Iker Lopez – Hegalekoa
- Unai Alustiza – Atzelaria
- Josu Erauskin – Hegalekoa
- Mikel Alonso – Pibota
- Iñaki Etxeberria – Atezaina