Astean zehar jokatutako partiduan hiru puntuak irabazi ondoren, larunbatean ere Tolosarrak hiru puntuen bila joan ziren Portugaletera. Partida oso ona egin arren, tamalez, puntu bat besterik ez zuten lortu.
Tolosarrek aurrean, etxean oso indartsua den talde bat zuten eta haien dinamika hori haustekotan atera ziren lehen minututik kantxara. Nahiz eta bi taldeek gol aukerak sortu lehen zatian zehar, talde tolosarrak, baloia zenbaitetan zutoinera bidalita, aukera onenak sortzeko gai izan zen.. Defentsan lan oso ona egin zuten Tolosarrek baina lehen zati honetan ezin izan zuten Jarrilleros taldearen atea zulatu. Atsedenaldira beraz hasierako markagailuarekin iritsi ziren mutilak.
Bigarren zati honetan Tolosarrak gogotsu atera ziren berriro ere. Bazekiten hiru puntuak lortzeko aukerak egongo zirela, baina horretarako fin egon beharko zutela bai aurrean zein atzean. Bigarren zati honen hasieran Tolosarren 0-1ekoa iritsi zen berehala, Josu Erauskinek bandatik botatako jaurtiketak defentsa batean ukitu ondoren. Tolosarrak bigarren golaren bila joan ziren jarraian eta baita lortu ere! Asier Yarzak bere bandatik jokaldia egin eta Martin Lakunzak 0-2a lortzeko baloia sarera bidali zuen. Lan oso ona egiten ari ziren tolosarrak baina bat-batean, etxeko taldeak falta bat jaurti eta 1-2koa lortu zuten. Partida minutu batetik bestera zeharo aldatu zen berriro ere. Etxeko taldeak gol aukerak sortu zituen eta talde tolosarrak sufritu egin zuen minutu batzuetan. Etxekoek, jokaldi on baten ondorioz, markagailua berdintzea lortu zuten.
Jon Kortajarena entrenatzaileak garaipena besterik ez zuen nahi eta horretarako bosteko jokoa ateratzea erabaki zuen. Garaipenaren gola bilatzen hasi eta ezustekoz etxeko taldeak baloia lapurtu eta bere zelaitik botatako jaurtiketa baten ondorioz markagailuan aurreratzea lortu zuen. Partidan lehen aldiz markagailuan azpitik zeuden momentu hartan mutilak eta galtzekorik ezer ez zegoenez, bosteko jokoarekin jarraitu zuten erasoan. Etxeko taldea bigarren zatiko 10.minututik 5 faltarekin zegoen eta norgehiagoka amaitzeko 25 segundoren faltan, 6 falta adierazi zuen epaileak. Zorionez, Ioritz Otamendik partida itxiko zuen 3-3koa sartzea lortu zuen jokaldi honetan.
Etxetik kanpo puntuak lortzea garrantzitsua dela badakite mutilek, baina markagailuan aurretik joan ondoren, Portugaleten beste bi puntu utzi zituztenaren sentsazioarekin itzuli ziren tolosarrak etxera.
Hurrengo norgehiagokan Tolosala taldeak Afantxo talde liderra jasoko du Uzturpe frontoian, larunbatean, arratsaldeko 16:00etan. Edozein aurkariren kontra borrokatzeko gai dela erakutsi dute gure mutilek eta liderrari dinamika on hori haustekotan aterako dira kantxara. Aipatzekoa da liderrak azkeneko 12 partidutatik 11 irabazi dituela.
Partiduro bezala gure harmailak berotzen dituzten zaletuen animoak eta indarrak beharrezkoak izango dira larunbat honetan ere. Anima zaitezte!
#GOGOTEEPTOLOSALA
HASIERAKO 5EKOA:
- Alex Ibañez – Atezaina
- Martin Lakunza – Atzelaria
- Iker Lacunza – Pibota
- Josu Erausquin - Hegalekoa
- Iker Lopez – Hegalekoa
PARTIDUKO JOKALARIAK:
- Alex Ibañez – Atezaina
- Martin Lakunza – Atzelaria
- Iker Lacunza – Pibota
- Josu Erausquin - Hegalekoa
- Iker Lopez – Hegalekoa
- Ioritz Otamendi – Hegalekoa
- Jon Gallurralde – Hegalekoa
- Asier Yarza – Hegalekoa
- Iñigo Garmendia – Atzelaria
- Antton Garro – Pibota ©