Badator denboraldi hasiera!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2021eko irailaren 14a

Hilabete gogor baten ondoren, martxan jartzeko unea iritsi zaie gure mutilei!

Abuztuaren 7an hasi ginen lanean Teep Tolosala taldeko mutilak. Elkartzeko gogoa genuen eta lehen entrenamendua bazkari on batekin borobildu genuen. Berriak ezagutu, lehenagotik geundenak berriro elkartu eta lanean hasteko prest ginen.

Badakigu denboraldi polita eta gogorra dugula aurretik. Lehengo urtean mailari eutsi genion, eta ekaineko asteburu hura ahaztezina izan zen. Urtea arraroa egin zitzaigun, besteak beste COVID-19-aren eraginagatik, baina helburua lortu genuen amaieran.

Aste hauetan egindako lanen ondoren ligari hasteko prest gaude Tolosalako gazteok. Lan ona egin du taldeak hilabete honetan zehar. Lan fisikoa, lan taktikoa, baloiarekin kontaktua… dena jorratuz.

Larunbatean, Jarrilleros taldea jasoko dugu Uzturpe frontoian. Partida gogorra izango da seguru, baina oso gogotsu gaude. Helburua hasieratik ondo hasi eta partida aurrera ateratzea da, noski. Norgehiagoka arratsaldeko 16:00etan izango da.

Astez aste lanean jarraituko dugu, aste bakoitzari garrantzia ematea izango delako onena helburuak lortzen joateko.

Animo mutilak eta gozatu lehen partidu honetaz, seguru denboraldia ere ondo joango dela eta!

#GOGOTOLOSALA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!