HIRUGARREN MAILAN MANTENTZEA LORTU DUGU!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2021ko eka. 8a, 18:20

Denboraldiari amaiera ezin hobea eman diogu!

Aurreko astean, ekainaren 3an zehazki, Tolosala familiak, denboraldia ixteko berririk pozgarriena jaso zuen. Denboraldi hasieratik bilatzen saiatu garen helburua lortu dugula jakinarazi ziguten.

Urte hasieran, azken sailkatua jaitsiko zela esan ziguten federaziotik. Ondoren, 2B mailako maila galtzeek azpiko ligetan eragina izango zutela abisatu ziguten. Honekin, euskal taldeen jaitsierak ematekotan, gure ligan eragina izango zutela ohartaraziz.

Kontuak kontu, denboraldia ez da erraza izan guretzat. Kategoria zail bati ilusioz aurre egiteko prest geunden. Hasiera emateko egun gutxi geratzen zirenean, Covid kasuak izan genituen taldean, eta hasiera okertu egin zitzaigun. Normala den bezala, jendeak futbolean jarraitzeko aukera birplanteatu zuen. Jokalari guztiek jarraitu nahi bazuten ere, beldurrak, gaixotasunaren inguruko ezjakintasunak, eta guretzat futbola aisialdi ekintza bat zela kontuan izanik, zenbait jokalarik egoera hobetu arte jokatzeari uko egin zioten.

Momentu honetan, eta laguntza handiegia izan ez bazen ere, testak iritsi zitzaizkigun. Zertxobait seguruago geundela pentsatuz, taldekide guztiak jokatzea erabaki genuen, behintzat, mailari eustea lortzeko.

Lehenengo itzulia oso txarra izan zen. Denboraldia ez zen ongi hasi guretzat. Gutxi entrenatzen genuen, ahalik eta neurri handienean kutsatzeak ekiditeko asmoz, eta aldi berean, partiduetara ailegatu nahi genuen behintzat. Ez zen nahikoa izan.

Bigarren itzulian, egoera zertxobait hobetuta pandemiari begiratuta, eta gauzak aldapatsu genituenean, guztiok, aurrera pauso bat eman genuen. 13 puntu lortu zituen taldeak 18 puntutatik. Sentsazioak asko hobetu ziren, eta partiduetan lehiatzen jakin genuen.

Denboraldia, beste hiru sailkatu atzean utzita amaitu genuen. Azkena jaisten zela segurua zelarik, bigarren B mailako jaitsieretan talde euskaldunak ez egotea zen kategoriari eusteko baldintzetako bat guretzat.

Kukuiaga talde bizkaitarra jaitsi eta beste jaitsiera bat emango zen oraingoan gure kategorian. Laskoraineko gure lagunak ere ezin izan zioten mailari eutsi eta beste jaitsiera bat… Hortxe geunden. Esperoan. Guk egindakoaz gain laguntza txiki bat beharko genuelako mailari eusteko.

Gutxien espero genuen momentuan iritsi zen denboraldia borobiltzeko mezua. Goiko ligetako maila galtzeek azpiko ligetan eraginik ez zutela izango abisatu ziguten, beraz, TOLOSALA 3.MAILAKO TALDEA izango da 21-22 denboraldian ere.

Zorionak mutilak. Urtea zaila izan da, hasi ginen egunetik azkenera arte. Lana, lana eta lana, gure esentzia. Ez dugu etsi eta guztiok batu ditugun indarrak saria ekarri digute. Ez nuke inor ahaztu nahi, baina bereziki eskerrik beroenak gure jokalariei, entrenatzaileei, direktibako lagunei, denboraldian zehar laguntzen egon diren horiei… Guztiok gara TOLOSALA, familia handi eta ezin hobea.

Laster izango duzue gure berri! Bitartean, disfrutatu uda eta zentzuz jokatu, oraindik ere partida garrantzitsuena geratzen baitzaigu irabazteko!

Xa-la-la-la-la-la-la TOLOSALA, Xa-la-la-la-la-la-la TOLOSALA!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!