TOLOSALA A.F.K.E 7 – SANTURTZI F.S 5

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2021ko mai. 24a, 10:53

Ligari amaiera ona eman diogu ezinbesteko garaipen bat lortuz! Matematikoki lortu ez badugu ere, beste hiru sailkatu utzi ditugu atzean eta itxarotea egokitzen zaigu.

Larunbatean denboraldiko azken finala genuen aurretik. Partidua irabazi edo berdindu behar genuen matematikoki jaitsiera ez jasateko. Asko zegoen jokoan, eta taldeak oso ongi erantzun zuen. Partiduko lehen minutuak oso gogorrak izan ziren. Bi taldeak behar genuen garaipena eta erritmo bizia ikusi zen Uzturpeko kantxan. Lehen gola, 7. minutuan iritsi zen Ioritzen eskutik. Hurrengo minutuan, Ioritzek berriro ere, 2-0koa lortu zuen. Atsedenaldira iritsi baina hiru minutu lehenago, Ion Euxebiren eskutik oraingoan, 3-0koa lortu zuen talde Tolosarrak.

Lehen zatiko lehen minutuetan gol aukerak egon ez baziren ere, Tolosalako mutilek, lehen zatiko amaiera aprobetxatu zuten aurrera pauso bat emateko.

Atsedenaldian sentsazioak oso onak ziren. Partidua irabazi behar zen eta guztiak geunden mentalizatuak.

Bigarren zatia hasi eta lehen jokaldian, kanpoko jaurtiketa batez, 3-1koa lortu zuten Santurtziarrek. Aurten presiopean izan garen jardunaldietan ez gara lehiatzeko gai izan, larunbatean aldiz, ez zen horrela izan. Beraien golak ez gintuen kikildu eta berehala, Antton eta Ioritzen eskutik, bi gol lortu eta 5-1 jarri ginen aurretik. Partidoa bideratua zegoen arren, Santurtziarrek 5eko jokoa atera eta minutu askoz bat gutxiagorekin defendatu behar izan genuen.

Defentsa lana ona izan zen minutu askotan, hala ere, partidua amaierara iristen ari zenean, santurtziarrek zenbait gol lortu eta errenta murriztea lortu zuten. Guk ere, gol batzuk lortu genituen zenbait aldaratzetan eta amaieran 7-5 bukatu zen partidua.

Lehenik zorionak Ioritzi, 5 gol sartzeagatik! Bigarrenik, zorionak mutilak, bigarren fase honetan izandako jarrerak bere fruituak ekarri dituelako. Zoritxarrez, eta nahiz eta hiru sailkatu utzi ditugun atzean, ez dakigu oraindik hirugarren mailan jarraituko dugun hurrengo denboraldian.

Taldea beste bat izan da bigarren fase honetan. Guztiok eman dugu aurrera pauso bat eta puntuak iritsi dira. Denboraldiko lehen fasea ordea ez zen ona izan, eta itxaron egin beharko dugu. Ez dugu denboraldia baloratu nahi gure etorkizuna jakin arte, baina, gauza bat argi daukagu, TOLOSALA taldea FAMILIA bat izan da aurten, eta gehienbat, bigarren fase honetan. Egoera erraza izan ez arren, dena eman dugu urte osoan zehar eta talde giroa ezin hobea izan da.

Zorionak mutilak, lan ona egin duzue urtean zehar eta!

#GOGOTOLOSALA

 

 

 

HASIERAKO 5ekoa:

  • Hilario – Atezaina
  • Lakun – Atzelaria
  • Ioritz – Hegalekoa
  • Gallur – Hegalekoa
  • Antton – Pibota

 

PARTIDUKO JOKALARIAK:

  • Hilario – Atezaina
  • Landa - Atezaina
  • Borja – Atzelaria
  • Frodo – Atzelaria ©
  • Lakun – Atzelaria
  • Gallur – Hegalekoa
  • Euxebi – Hegalekoa
  • Yarza – Hegalekoa
  • Ioritz – Hegalekoa
  • Antton – Pibota
  • Iker - Pibota

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!