SCORPIO ALKIDEBA 6 – TOLOSALA A.F.K.E 4

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2021ko mai. 17a, 13:02

Lehen zati txar batek irabazi beharreko partida baldintzatu zuen. Denboraldi irregularra izaten ari da Tolosalako mutilentzat. Larunbatean, azken finala izango dute aurretik!

Larunbateko partiduak zuen garrantziaz jakitun ginen hasieratik. Kontuak kontu, beraien erritmoan erori eta lehen zati txar batengatik galdu genuen partidua. Gaizki sartu ginen kantxara, aukera gutxi sortuz eta haiek aukerak egingo zituztenaren beldur. 1-0koa horrelaxe iritsi zen. Beraiek gehiegi egin ez bazuten ere, markagailuan aurreratzea lortu zuten 6. minutuan.  Tolosalako mutilak ez zuten erosotasuna lortzen kantxan. Baloia mugitzeko zailtasunak eta huts egiteko beldurrak eragina izan zuten hasieratik. Jokaldi trabatu batekin lortu genuen 1-1koa Gallurren eskutik. Lehenengo zatia amaitzear zegoenean joan zitzaigun norgehiagoka. Hiru jokalditan, minutu berean hiruak, hiru gol lortu zituzten Ermuako mutilek, 4-1ko errenta lortuz atsedenaldira ailegatu baino lehen.

Ez genuen sinisten. Minutu batean sekulako errenta lortu zuten, ezer asko egin gabe ere, hiru gol lortuz. Partidua galdutzat emateak ez zigun lagunduko, eta ahalik eta baikorren izaten saiatu ginen, aukera gutxi bazeuden ere, partiduari buelta emateko.

Bigarren zatia hasi eta presioan lana hobeto eginez hasi ginen. Arriskatzeko unea zen eta halaxe egin genuen. 5-1koa iritsi zen etxekoen kontra eraso on baten ondoren. Bigarren zatiko 17 minutu geratzen ziren oraindik, eta 5eko jokoa atera genuen berehala. Baloia ongi mugitu eta hiru gol lortu genituen 6 minututan, hiruak Ioritzen eskutik. 11 minutu faltan 5-4ko markagailuarekin geunden, zailena eginda zegoen. 3 gol sartu izanak sekulako indarra eman zigun partiduaren bila juteko. Haiek ordea, beraien defentsa atzeratu zuten eta Tolosalakoek ez zuten gol aukera gehiagoz gozatu. 10 segundo faltan, 6-4koa lortu zuten etxekoek aldaratze batean.

Bigarren zatiko erreakzioa ona izan bazen ere, ez zen nahikoa izan. Errenta handiegia lortu zuten hasieran, eta gogoa eta intentzioa falta ez baziren ere, ezin izan genituen hiru puntuak eskuratu.

Larunbatean, etxean, arratsaldeko 18:00etan, azken jardunaldia jokatuko dugu Santurtzi F.S taldearen aurka. Jardunaldi honetako partidu guztiak ordutegi bateratuan jokatuko dira.

Larunbatean partidua berdindu edo irabazita, hiru aurkari utziko ditugu atzean sailkapenean. Lau aurkari utzi beharko genituzke salbazioa matematikoki lortzeko, baina irabazita ere ezin izango ditugu lau utzi. Kontuak kontu, larunbatean irabazi, eta itxarotea egokituko zaigu. Gure ligako Labastida taldea igotzen bada, edota 2B mailako Gora Bilbao taldeak mantentzea lortzen badu lortuko dugu helburua.

Ez dago gure esku, baina kalkulu gehiegi egiteak ere ez digu lagunduko. Larunbatean bai ala bai irabaztera aterako gara. Gero, bi talde euskaldun hauen laguntza jasota, espero dugu helburua lortu ahal izatea.

Eutsi mutilak!

#GOGOTOLOSALA

 

HASIERAKO 5EKOA:

  • Landa – Atezaina
  • Borja – Atzelaria
  • Kaki – Hegalekoa
  • Ioritz – Hegalekoa
  • Iker - Pibota

 

PARTIDUKO JOLAKARIAK:

  • Landa – Atezaina
  • Hilario – Atezaina
  • Frodo – Atzelaria ©
  • Borja – Atzelaria
  • Lakun – Atzelaria
  • Yarza – Hegalekoa
  • Gallur – Hegalekoa
  • Kaki – Hegalekoa
  • Antton – Pibota
  • Iker – Pibota
  • Ioritz - Pibota

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!