Hirugarren maila hirugarren maila da. Areto futbol taldeak geroz eta indartsuagoak dira kategoriaz igotzen zaren heinean, eta aurten oraindik ezin izan dugu gure mailarik onena atera.
Lehen fasea gogorra egin zaigu, gehienbat, ez dugulako erregulartasunik lortu hilabete hauetan zehar. Kontraesankorra izan badaiteke ere, sailkapeneko lehenengo postuetan geratu diren taldeen aurka lortu ditugu puntu gehienak hilabete hauetan, eta berako taldeen aurka aldiz ez gara ondo ibili.
Larunbatean liderraren etxera gindoazen, Bastidara. Lehengo urtean euskal ligan beraiek izan ziren txapeldunak eta gu bigarren. Haien taldea ezagutzen genuen lehenagotik eta partiduak gure antzera planteatzen dituztela esan genezake. Baloia asko eta ongi mugitzen dute eta presioan lan egitea gustatzen zaie. Merezimendu osoz, lan ona egin dutelako, aaurten ere goiko postuetan ibili dira Bastidarrak.
Partiduan sartzea asko kostatu zitzaigun. Goran asko presionatzen dute eta berehala min egin ziguten. Baloia atzetik ateratzea gustatzen zaigu eta presioaren ondorioz lehen minutuan baloia galdu eta atzetik jarri ginen markagailuan. Atzean indartu baginen ere, ez ginen haien atera iristen eta erasoan min gutxi egin genuen hurrengo minutuetan zehar. Atsedenaldira iritsi aurretik, 2-0koa lortu zuten Bastidarrek. Horretaz gain aukera gehiago ere izan zituzten eta atsedenaldira iristeko irrikatan geunden.
Ekipoko motibazioa indartu, eta dena emateko garaia zela genekien. 20 minutu genituen okerrak zuzendu eta jarrera hobetzeko. Esan eta egin. Hala ere, ez ginen ondo sartu kantxara bigarren zatian ere. Haiek berehala beste bi gol sortu zituzten gure okerrak aprobetxatuz eta konturatzerako 4-0 galtzen ginen.
Askotan, azaldu ezin daitezkeen gauzak gertatzen dira, eta gure taldeak barru barrutik gordeta zuen guztia atera zuen oraingoan markagailua berdintzeko, eta ia irabazteko.
Jarrera aldatu eta gurea egiten jarraitu genuen, eta honekin, golak iristen hasi ziren. Lehenengo Jon Euxebi izan zen, ondoren Ioritz. Sinisten jarraitu eta Gallurren txanda iritsi zen, eta Yarzak bukatzeko 4-4koa lortu zuen. Horretaz gain, minutu bat faltan, Bastidarren atezainak sekulako geldiketa egin zion Jon Euxebiri eta emaitza borobiltzeko aukera deuseztatu zigun.
Kontuak kontu, puntua ontzat hartu genuen haiek 4 goleko errenta izatetik berdinketa lortu genuelako eta lehen sailkatuari aurre egin geniolako. Badakigu ez dela nahikoa, eta bigarren fasean dena irabazi beharko dugula kategoriari eusteko, baina ez daukagu beldurrik eta ez zaigu gogorik falta egoerari aurre egiteko.
Aste honetan entrenatzen jarraituko dugu, gure helburua lortzeko asmoz. Bigarren fasea hurrengo astean hasten denez festa izango dugu asteburu honetan. Gozatu sagardotegiaz larunbatean mutilak, eta segi borrokan, guztion artean lortuko dugu eta!
#GOGOTOLOSALA
Hasierako 5ekoa:
- Landa – Atezaina
- Lakun – Atzelaria
- Anta – Hegalekoa
- Gallur – Hegalekoa
- Ioritz – Pibota
Partiduko jokalariak:
- Hilario – Atezaina
- Landa – Atezaina
- Frodo – Atzelaria ©
- Borja – Atzelaria
- Lakun – Atzelaria
- Yarza – Hegalekoa
- Gallur – Hegalekoa
- Jon Euxebi – Hegalekoa
- Anta – Hegalekoa
- Antton – Pibota
- Iker – Pibota
- Ioritz - Pibota