Azaroaren 7a, larunbata, garaipena lortu genuen azken eguna. Hiru hilabete geroago, aste gogor ugari bizi eta gero, bigarren sailkatuaren etxean irabaztea lortu zuen taldeak!
Dinamika txarra eduki du taldeak azken hilabeteetan zehar. Askotan, nahiz eta joko ona plazaratu kantxan, ez ditugu gol aukera gehiegi sortu. Hori gutxi izango balitz, defentsa lanak ez dira onak izan eta puntuak joan zaizkigu azken hilabete hauetan. Taldeak lanean jarraitu behar zuela bazekien, baina askotan, dinamika txarrean murgilduta zaudenean ez da erraza izaten egoera aldatzea. Motibazio asko izan badugu ere, tristura puntu bat, inpotentzia… eta sentimendu asko bizi izan ditugu.
Lanean jarraitu eta saria iritsi zaigu. Ligako zelai zailenetariko batean lortu ditugu 3 puntuak asteburu honetan. Tolosalako mutilak oso ondo atera ziren kantxara, hasieratik presioan lana eginez eta defentsan zentratuta. Erasoko jokaldiak iritsiko zirela bagenekien, baina horretarako lehenago atzean aurreko asteetan egindakoak zuzentzeko eguna zen larunbatekoa. Esan eta egin.
0-1koa Ioritzek estrategiaz lortu zuen. Ondoren, etxekoek 1-1koa lortu zuten. Berriro ere Ioritzek 2-1koa lortu zuen eraso on baten ondoren. Berriro ere partidua berdintzea lortu zuten Elorrioko mutilek eta hori gutxi balitz, 3-2koa berehala iritsi zitzaien. Taldeak aurreko asteetako huts egiteak atzean utzi behar zituen bai ala bai, eta pazientziaz, baloia ondo mugituta, 3-3koa lortu zuen.
Partidua amaierara iristen ari zenean, berdinketarekin markagailuan, partiduko jokaldia iritsi zen. Anttonek, 3-4koa lortu zuen. Bizkarrez baloia babestu, buelta eman eta izugarrizko gola lortu zuen gure aurrelariak. Azken minutuak oso gogorrak izan ziren, haiek hiru minutu faltan 5eko jokoa atera zutelako eta sufritzea egokitu zitzaigulako.
Amaiera iritsi eta kantxan izugarrizko poza bizitzeko unea zen. Hiru puntu baina gehiago ziren guretzat, final moduko bat, eta erantzun egin genuen.
Lehenengo itzulia amaitzeko hiru partidu ditugu aurretik, eta guztietan aurpegia emateko asmoz aterako gara kantxara, Tolosalak baduelako zer esana oraindik ere ligan!
Aste honetan ligako lehen sailkatua etorriko zaigu Tolosara. Ez dugu beldurrik, gaur berriro ere lanean hasi eta garaipenaren bila aterako gara.
Eskerrik asko hilabete gogor hauetan babesa eskaini diguzuenoi, Tolosala familia guztiok osatzen dugula ez ahaztu inoiz!
#GOGOTOLOSALA
HASIERAKO 5EKOA:
- Hilario – Atezaina
- Lakun – Atzelaria
- Euxebi – Hegalekoa
- Ioritz – Hegalekoa
- Antton -Aurrelaria
PARTIDUKO JOKALARIAK:
- Hilario – Atezaina
- Landa – Atezaina
- Frodo – Atzelaria ©
- Labaka – Atzelaria
- Lakun – Atzelaria
- Yarza – Hegalekoa
- Gallur – Hegalekoa
- Ioritz – Hegalekoa
- Anta – Hegalekoa
- Antton – Aurrelaria
- Euxebi – Aurrelaria
- Iker – Aurrearia