Denboraldia ez da ondo hasi gure mutilentzat. Larunbata iritsi, eta 8 jokalarik, ilusioz, beti bezala, Donostiako bidea hartu zuten Hirugarren Maila hasteko gogoz. Hasiera ez da amestutakoa izan ordea. Hainbeste urteren ostean, borroka askoren ondoren, behin helburua eta ametsa lortuta, pandemia egoera honetan ezinezkoa zaigu areto futbolaz disfrutatzea. Orain dela bi aste, taldeko 10 kide konfinatuta egon ziren. Denboraldi-aurrean zehar lana egin dugun arren, oso zaila izan zaigu jarraipena ematea lanari. Lehiaketak hasteak zentzurik ez badu ere, taldeak garaipena bilatzeko asmoa izan zuen hasieratik.
Lehen zatian bi taldeak futbol maila ona erakutsi zuten. Etxekoek intentsitate handia jarri zuten hasieratik. Tolosarrek, lehen zati berdintsu bat amaitzear zegoela, atsedenaldirako bi minuturen faltan, 0-1koa lortu zuten, Ikerren eskutik. Atsedenaldian zenbait kontzeptu berrikusi, gauzak hitz egin, eta errenta aprobetxatzeko asmoz atera ziren gure mutilak berriro kantxara. Bigarren zatia hasi, eta hamar minututara, 0-2koa iritsi zen Labakaren eskutik. Azkeneko hamar minutuak ikusgarriak izan ziren. Berehala, etxekoek 1-2koa lortu zuten. Bi minutura, Gallurren eskutik, 1-3koa iritsi zen tolosarrentzat. Azken 8 minutuak falta zirenean, 1-3ko emaitza alde genuenean, etxekoek emaitzari buelta ematea lortu zuten. Gol guztiak segidan lortu zituzten, 1-3ko emaitzatik, 5-3ko emaitzara iritsi arte. Tolosalako mutilek, nekea eta ideia txarrak hartzearen ondorioz, ezin izan zioten partidari eutsi.
Aste honetan, etxean, Lagun Onak G.D.K.O. taldearen aurka bigarren aukera izango du taldeak. Segurtasun gabe jolasteak guretzat zentzurik ez badu ere, lana astean zehar bakarka egin beharko dugun arren, larunbatean lehen hiru puntuak lortzen saiatuko gara guztion artean.
Animo guztiei, egoera zaila bizitzen ari gara eta!
Eta zuei mutilak, zorionak! Mila esker zuen indarra, lana eta gogoa kantxan erakutsi izanagatik! Ahal den heinean, jarraitu lanean!
#GOGOTOLOSALA