Tolosala kobid idatzia

Erabiltzailearen aurpegia Tolosala A.F.K.E 2020ko aza. 2a, 09:56

Egoera zail honen aurrean, Tolosala klubeko gizonezkoen lehenengo taldeak honakoa adierazten du:

Kaixo zaleok!

Hilabete zail askoren ostean, gaur emango dio ligari hasiera Tolosala A.F.K.E.-ko gizonezkoen lehen taldeak. Hasiera honen aurrean, klubak argi utzi nahi du honako hau: bizi dugun egoera zail honetan, gure ligari hasiera emateak ez du ez hanka ez bururik. Abuztu amaieran hasi zen taldea denboraldi berri hau prestatzen. Uneoro gauzak ondo egiten ahalegindu garen arren, beste talde askotan gertatu den bezala, gure taldean ere agertu dira COVID-19 kasuak. Kasu hauen ondorioz, taldeko jokalari dezentek berrogeialdia egin behar izan dute 10 egunez, honek bizitzako arlo desberdinetan (lana, ikasketak, etab.) suposatzen duen guztiarekin. Entrenamenduekin hasi ginenean, taldean sumatzen zen giroa nahiko aldrebesa zen. Protokoloak zuzen bete ditugun arren, egoera honen aurrean, beste esparru askotan gertatzen zaigun bezala, ez gara babestuak sentitu. Honek, eta aipatutako positiboak, ezinegon izugarria sortu du taldean. Egoera honen aurrean, klubean egoera honi nola aurre egin planteatu zen. Iritzi desberdinak jaso ostean, bi aukera mahaigaineratu ziren: ligan parte hartzea eta liga uztea. Erabaki zaila izan den arren, taldeak ligan jarraitzea erabaki du. Izan ere, liga uzteak ondorio larriak ekarriko lizkioke klubari: isun ekonomiko handia, taldeak maila galduko luke gipuzkoar ligara itzuliz, eta abar. Gainera, liga uzteak sortuko lituzkeen ondorioek proiektu polit honen amaiera eragingo lukete. Liga gaur hasten dela kontuan hartuta, zein da taldeak bizi duen egoera? Jokalari bakoitzak askatasuna izan du jokatu ala ez erabakitzeko, horietako batzuk printzipioz ez jokatzeko erabakia hartu dutelarik. Entrenamenduei dagokionez, kutsatzeko aukerak murrizteko asmoz, momentuz taldeak ez du entrenatuko. Guzti honek zer suposatzen du? Taldea ez dagoela prest horrelako lehiaketa bati modurik egokienean aurre egiteko. Azken egunetan Federazioek zenbait neurri hartu dituzten arren (partiduak jokatu baino lehen PCR frogak egitea, etab.), egoeraren larritasuna aintzat hartuz, hasieran aipatutako ikuspuntu bera izaten jarraitzen dugu: ligari hasiera emateak ez du zentzurik.
Hau guztia jakinda, taldeak, orain arte egin izan duen bezala, partiduetan %100- a emango du eta lehiaketari ahalik eta modu hoberenean aurre egiten ahaleginduko da. Zailtasunak zailtasun, taldeak argi du zein izango den denboraldi honetako helburu nagusia, mailari eutsi eta proiektu polit honi jarraipena ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!