Iritsi da amaierara 50. Tolosako Pala Txapelketa. 32 bikotek hartu dute parte aurten hiru mailatan, inoiz baino gehiagok. Hori dela eta, antolatzaileak oso gustura geratu dira: «Joan den urtean 24 bikote izan ziren, eta aurten 32. Gorakada nabaria izan da, eta poztekoa da. Eskualdeaz gain, Andoain, Aia, Hernani, Donostia eta beste hainbat txokotatik etorri dira jokatzera», azaldu du Javi Iraolak.
Aurten, gainera, bi berrikuntza nagusi izan ditu txapelketak. Alde batetik, emakumeen txapelketa izan da, lehenengoz. Sei bikotek hartu dute parte.
Finala ostiralean jokatu zen, baina eguraldiaren ondorioz Beotibarren jokatu behar izan zuten, finalistetako bati ezinezkoa baitzitzaion finala atzeratzea. Aranburu-Albeniz bikoteak jantzi du lehen txapela. 30-24 irabazi zieten Rodas eta Lopetegiri ostiraleko finalean. «Poztekoa da neskak ere lehian ikustea. Datorren urterako ea bikote gehiago erakartzea lortzen dugun», dio Iraolak.
Horrez gain, aurten, lehenengoz lehen maila eta bigarren maila berezitu dituzte. Bereziki lehen mailako txapelketan ikusi den maila altua nabarmendu du Iraolak.
Ostiralean jokatu ezin izan zituzten finalak atzo jokatu zituzten, eta oraingoan bai, Berazubiko frontoia izan zen final horiek hartu zituena.
Bigarren mailako finalean Aldazabal eta Maiza izan ziren txapeldun, Luixa eta Txeperi 30-21 irabazi eta gero. Maila honetan 18 bikote aritu dira lehian.
Lehen mailakoan, berriz, zortzi bikotek hartu dute parte. Horien artetik Zabalak eta Gereñuk irabazi zuten txapela, finalean Arregi eta Manterola 27an utzi eta gero.
Aurrera begira gogor lanean jarraituko dutela nabarmendu du Iraolak: «Horrelako txapelketa bat antolatzeak lan asko du, baina hazten jarraitzeko helburua jarri dugu, pala hedatu nahi dugulako. Ea 40 bat bikote biltzeko gai garen. Laguntzaileei ere eskerrak eman beharrean gara, horiek gabe ezinezkoa baita antolatzea».