Txapela kentzeko denboraldiari amaiera eman genion larunbatean, gure bizilagun den AnĚorga futbol taldearen aurka jokatutako partidarekin. Ohoreaz gain, gauza askorik ez jokoan, sailkapena erabakita, eta Tolosaren 3. postua poltsikoratuta. Horregatik, gaurko zutabea ez dut partidara begira jarri nahi, denboraldi bikain hau posible egin duten pertsonei begira baizik. Zuengatik.
Nik hasi nuen iraileko lehen asteburuan ATARIAko lehengo zutabea, eta partidaz partida eta jokalariz jokalari gure partiden kronika ohitura bilakatu zaigu. Orain azken zutabe honekin atsedena tokatzen da, eta nire atsedena ere zutabe honekin batera dator. Lehen taldeak egin duen denboraldia benetan bikaina izan da, eta duen balorea emateko beharra sentitu dut, zutabe hau idazten hasi naizen lehen unetik.
Datorren denboraldia prestatzen hasi behar den honetan, nire koordinatzaile lanak amaitutzat ematen ditut eta klubean dauden jende gazteak hartuko du lekukoa. Ea beraien ilusio eta lanerako gogoak hain gertu izan dugun 2. maila hori begi-bistatik ez galtzeko aukera ematen digun. Niri eskerrak ematea tokatzen zait hiru urte hauetan ezagututako jende askori, eta nire egunerokoan laguntzen aritu direnei. Bene-benetan, eskerrik asko.
Lesio larriak pairatu dituzten eta muleten laguntzaz partidak ikustera etortzen diren jokalariei; abuztutik astero-astero lau bider beraien kotxeak hartu eta milaka kilometro egin dituztenei; futbola utzi eta berriro bueltatzea erabaki zutenei; kapitainei; minutu gutxi izan arren, lanean jarraitu dutenei; jokalariak izateaz gain, klubeko taldeak entrenatzeko ardura hartu dutenei; denboraldia beraiek nahi ez bezala amaitu dutenei; talde tekniko osoari eta egin duten lanari; klubean emakumezko futbolaren alde egiten dutenei eta zutabe hau idazteko tartea eskaini diguzuenei: guztiei eskerrak emateko idatzi nahi nizuen, asko zaretelako eta zuek gabe ere lortu dugun guztia ezinezkoa izango zelako. Milesker.
Hauxe 2025-2026 denboraldiko azken zutabea. Azkena. Aupa Tolosa!