Beroketara urduri atera ginen baina gogotsu egin genuen. Zelaira ateratzean, pankarta bat erakutsi genuen Norari gure babesa emateko. Garaipena lortzeko asmoarekin irten ginen, bai beragatik, bai Ainara, Maria eta Elenarengatik. Gainera, hemendik animo handienak bidali nahi dizkiogu Galarzari, atzo baitzuen ebakuntza. Talde batua garela erakusteko unea zen, eta indar horrekin ekin genion partidari.
Hasieratik nabaritu zen partida gogorra izango zela, baina laster iritsi zen gure lehen gola. Garazik Alavesen zelaian baloia lapurtu, Kattalinek erdiraketa burutu eta suziri bat agertu zen ezkerreko bandatik: Allendek sartu zuen gola 12. minutuan.
Hurrengo 20 minutuetan baloia ez zen inorena izan, eta borroka handia egon zen zelai eremuan. Handik gutxira, ordea, korner bat izan genuen alde. Atezaina baloia urruntzen saiatu zen, baina Lorek, baloiak lurra ukitu baino lehen, lehen ukituko erremate dotore batekin sareetara bidali zuen.
Atsedenaldia lehen zati bizi eta borrokatu baten ostean iritsi zen. Aldageletan, Aritzek eta Izarok behar genuen bultzada eman ziguten bigarren zatiari gogotsu ekiteko. Bigarren zatian eusten jakin genuen eta, partida oso lehiatua izan bazen ere, ez zen aukera garbirik egon bi taldeetako inorentzat. Lan gogorraren ostean, aldagelan elkartu ginen ohiko argazkia ateratzeko. Handik zuzenean afaltzera joan ginen, partida gogorraren ondoren afari on batekin taldean egoteko.
Horrela jarraitu behar dugu. Hurrengo hiru partidak funtsezkoak dira; sailkapeneko goiko postuetan gaude, lehenengoengandik puntu bakarrera. Badakigu araua krudela dela: lehenengoak bakarrik du igoerarekin amesteko aukera. Beraz, akatsetarako tarterik gabe, gure esku dagoena egiten jarraitu behar dugu. Gure onena emateko ordua da!
Hurrengoan ere, dena ematera! Aupa Tolosa!