Aulkitik

Inauteriei hasiera ederra eman genion hiru puntuak etxera ekarriz

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Goenaga 2026ko otsailaren 11

Larunbatean eguerdiko 13:30ean Usabalen geratu ginen Irunera abiatzeko. Tolosarrentzat egun berezia izan arren partida honi aurre egitea tokatzen zitzaigun, egun honi hasiera ona emateko.

Partida guztietan bezala, musika eta algara artean aldatu, eta Aritzen hitzak entzun ondoren beroketara irten ginen. Partida oso zaila zela bagenekien, etxean irabazi arren ez zizkigutelako gauzak erraz jarri.

Egia esan lehen zatia ez zen oso ohikoa izan. Hasiera batean partidan sartzea kosta egin zitzaigun, baina segituan eman genion partidari buelta. Bi taldeok ez genituen aukera asko izan. Lehen zatiaren erdialdean beraiek partidako lehenengo gola sartzea lortu zuten baina guk segituan erantzun genien Amaiurren gol baten bitartez.

Esan dudan bezala ez zen lehenengo zati ohikoa izan, epailea lesionatu baitzen eta partida geldirik egon zen 10 minutuz. Honen ostean lehiarekin jarraitu genuen atsedenaldia iritsi zen arte. Deskantsua beste partidetan baino luzeagoa izan zen, beste epaile bat iritsi behar baizen partidarekin jarraitzeko. Gauzak arraro zoazela bagenekien baina partidarekin jarraitu behar genuen.

Bigarren zatian beste taldea baino gehiago izan ginen uneoro. Sara eta Allenderen golekin markagailuan aurreratzea lortu genuen, eta azkenean partida 3-1 amaitu zen. Azken minutuetan gure taldekide den Elena Zubiaurrek belaunean mina hartu eta partida utzi beharra izan zuen. Froga eta emaitzen zain dago, espero dugu ezer ez izatea, gure indar guztia duzu. Aste honetan partidarik ez dugu baina hurrengo partidarako gogotsu gaude, nahiz eta inauteriak dauden tarteko.

Aupa Urdinak! 

Ondo pasa inauteriak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!