Aulkitik

Borrokatutako hiru puntu etxean

Erabiltzailearen aurpegia Maren Aizpurua 2026ko otsailaren 5a

Partidari aurre hartzea kostatu zitzaigun arren, hiru puntuak etxean geratzea lortu genuen.

Aurreko asteko deskantsuaren ondoren, berriro ere berdegunera irteteko momentua zen, kasu honetan, Eibarren aurkako partida jokatzera. Lehen itzulian euren zelaian lasaitasunez irabaztea lortu genuen arren, bagenekien ez zela denboraldi hasierako talde berdina izango, gu ere ez baikara berdinak.

Entrenatzailearen hitzak entzun eta gogotsu irten ginen zelaira. Jokoari hasiera eman orduko konturatu ginen ez zela partida erraza izango. Beraiek segituan sartu ziren jokoan eta baloia azkar mugitzen zuten alde batetik bestera; aldiz, guri kosta egin zitzaigun horrenbeste gustatzen zaigun baloiaren jabetza izatea. Hori horrela, Eibarrek aukerak sortu zituen gure zelaian, baina gu ere ez ginen atzean geratu eta eduki genituen baloia sareratzeko aukerak. Dena den, ez zen nahikoa izan eta markagailuan bi taldeak hutsekoa genuela joan ginen atsedenaldira.

Aldagelan indarrak hartzea eta hobekuntzak entzutea ondo etorri zitzaigun bigarren zatian golaren bila jarraitzeko. Nabaria izan zen atsedenaldian taldeak izandako txip aldaketa; izan ere, baloiaren jabetza izaten eta aukerak sarriago sortzen hasi ginen. Lanean jarraitze horren fruitu izan zen Eneritzek aldeko korner batean buruz sartu zuen gola. Ez zen denbora asko gelditzen partida amaitzeko eta emaitza mantentzea lortu genuen, hiru puntuak etxean geratuz.

Denboraldia aurrera doa eta badakigu geratzen zaizkigun partida guztiak gogor borrokatzekoak izango direla. Asteburu honetan, Kalderero egunean hain justu, Irunen jokatzen dugu Mariñoren aurka, eta beti bezain gogotsu saiatuko gara hiru puntuak etxera eramaten.

Aupa Tolosa!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!