Aulkitik

Bolada onarekin jarraitzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Leyre Holgado 2026ko urtarrilaren 14a

Bigarren itzuliko partida garrantzitsu honetara gogoz eta ilusioz aurkeztu ginen Usabalen, ohiko larunbat arratsalde batean. Aurkari zaila izan arren, beste partida guztietan bezala dena borrokatzeko helburuarekin joan ginen.

Hasieratik argi geneukan ez zela partida erraza izango. Lehenengo bueltan Athletic taldearen zelaian galdu ondoren, inoiz baino gogotsuago atera ginen zelaira garaipenaren bila.

Beroketa bizi baten ondoren, lehenengo zatiari hasiera eman genion. Talde indartsu eta azkar baten aurrean egon arren gure jokoa aurrera eramaten jakin genuen, markagailua igotzeko aukera ugari sortuta. Horrela, Itxasoren golarekin 1-0 jartzea lortu genuen, atsedenaldira beraien aurretik iritsita.

Bigarren zatian, atsedenaldian entrenatzaileak emandako animo eta azalpenen ondoren, inoiz baino indartsuago atera ginen. Ondo landutako presio altu baten ondorioz Helenek bigarren gola sartzea lortu zuen. Gure aurkariek aukera gutxi izan arren, horietariko bat sartzea lortu zuten, eta markagailua 2-1 jarri. Partidak aurrera jarraitu zuen bitartean entrenatzaileak aldaketak egin zituen taldea ahalik eta gehien sendotzeko, jokalari berriak zelaira sartuta. Horrela, hirugarren gola iritsi zen Garaziren eskutik. Azkeneko minutuak iristen ari zirela, Athleticekoei aldeko penalti bat adierazi zien, baina Mareni esker markagailua zegoen bezala geratzea lortu genuen, eta partidari amaiera ederra eman genion.

Hiru puntu baliotsu hauek irabazita, begirada datorren larunbatean Oiartzunen jokatuko dugun partidan jarrita dago, Tolosara beste hiru puntu eramateko eta sailkapenean gorantz egiteko asmoz.

Aupa Tolosa!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!