Aulkitik

Harrotasunez, lehen itzulia itxita

Erabiltzailearen aurpegia Maria Revilla 2025eko abenduaren 17a

Lehen itzuliko azken partida Añorgan jokatu genuen igande arratsaldean. Kanpoan jokatzea inoiz ez da erraza, eta are gutxiago zelai txiki eta estu batean, non joko landua egitea zaila den.

Hala ere, hasieratik argi geneukan borrokan oinarritutako partida izango zela, eta Aritz eta Izaroren aholkuak entzun eta gero, taldea prest atera zen zelaira.

Lehen zatian partida oso parekatua izan zen. Bi taldeek intentsitate handiz jokatu genuen, aukera gutxiko neurketa batean, zelaiaren baldintzek erritmoa markatzen baitzuten. Baloiaren jabetza lehiatua izan zen, eta atsedenaldira 
markagailua hutsean zela iritsi ginen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Añorga aurreratu zen markagailuan, eta horrek egoera zaildu zuen. Hala ere, taldeak ez zuen amore eman. Minutuak aurrera joan ahala, borroka, esfortzua eta talde-lana nagusitu ziren, eta azken unera arte sinesten jarraitu genuen.

Saria azken hamar minutuetan iritsi zen: penalti baten bidez berdinketa lortu genuen (1-1); merezitako gola eta egindako lanaren isla. Azken txanpan garaipena bilatu bagenuen ere, markagailua ez zen gehiago mugitu.

Horrela amaitu zen lehen itzuliko azken partida, puntu baliotsu batekin eta harrotasunez betetako sentsazioekin, erraza ez den zelai batean egindako lanagatik. Aurrera begira, bigarren itzulia indarrez ekiteko prest gaude.

Aupa Tolosa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!