Taldea ordubete lehenago elkartu zen, eta azken partidako sentsazio txarrak ahaztu eta buelta emateko ilusioz irten ginen zelaira.
Aurrez aurre Real Sociedad C geneukan, oso talde lehiakorra. Hasieratik oso argi gelditu zen taldeak norabide bakarra zuela buruan: etxea defendatu eta puntuak Usabalen geratzea. Lehen minutuetatik aurrera guk hartu genuen baloiaren kontrola, eta horren ondorioz aukerak ere sortzen hasi ginen.
Presio eta jokaldi landuak arrakasta izan zuen, eta Helenek egin zuen partidako lehen gola, Garaziren pase baten ostean. Markagailua 1-0ean mantendu zen atsedenaldira arte. Aldagelan entrenatzaileak hainbat aholku eman eta zelaira irten ginen borrokatzeko prest.
Bigarren zatian hasiera-hasieratik hartu genuen berriro partidaren erritmoa, eta taldekideek erakutsitako intentsitateari esker bigarren gola ere heldu zen, Allenderen eskutik.
Azken minutuetara arte baloiaren jabe eta partidaren nagusi izan ginen, eta horrela amaitu zen neurketa, 2-0, etxean behar genituen hiru puntuak lortuz.
Orain zubiak utzitako atsedenarekin indarrak hartuta, aste honetan Añorgaren aurkako partida dugu aurretik, oso garrantzitsua. Ziur gaude gure onena emanez gero, hiru puntuak berriro etxera ekartzeko gai izango garela.
Aupa Tolosa!