Aulkitik

Atsedena

Erabiltzailearen aurpegia Aiheko Uria 2025eko abenduaren 3a

Behar genuela pentsatzen dut, edo behar baino gehiago, ondo etorri zaigula atsedena.

Azken bi jardunaldietako dinamika aldatzeko, futbolaz deskonektatzeko, eta indarrak berriro batzeko. Horretarako izaten omen da atsedena. Bost garaipen jarraian lortu ondoren ez dugu emaitzarekin ezta jokoarekin adostasunik lortu eta haserre amaitu dugu, bai batekin zein bestearekin. Atsedena eta gero adiskidetuko gara berriro, hori seguru.

Beste batzuk ordea, garaipen gogoz eta atsedenik gabe jarraitzen dute zubiaren zain, emakumezkoen Ohorezko Erregionala hain zuzen ere. Denboraldi bikaina burutzen ari dira lehen taldearen itzalean. Lan bikaina, ilusioa eta futbolaz gozatzeko gogoa. Hori sumatzen da talde hau osatzen duten jokalari, entrenatzaile, prestatzaile eta gurasoen artean.

Sailkapeneko goiko postuetan kokatuak liga hasi zenetik eta erdialdera jaisteko interes berezirik gabe. Raul Camarero entrenatzailearen esanetara, gora begira jarraitzen dute, bizilaguna den Aiztondo taldea menperatu ondoren.

Orain merezitako atsedena izango dute. Denbora luzez min hartuta ditugun jokalari garrantzitsu batzuk errekuperatzeko balio badigu gustura hartuko ditu bigarren taldeak ere jai egun horiek.

Bi talde hauetan amaitu beharko luketen neska asko klubeko maila baxuetan ere bikain ari dira lanean, profesionaltasun handia erakusten ari diren entrenatzaileen aginduetara, egunen batean zutabe honen protagonista izateko. Horrela bada, gauzak ondo egiten ari diren seinale izango da. Segi dezagun futbolaz gozatzen eta beharrezkoa denean atseden hartzen. 

Aupa Tolosa!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!