Aulkitik

Badakigu akatsetatik ikasten

Erabiltzailearen aurpegia Kattalin Iztueta 2025eko azaroaren 26a

Puntuei dagokienez bolada ona Alavesen amaitu bazen ere, joko aldetik inoiz baino hobeto aritu ginen azkenengo partidan. Pentsamendu hori buruan hasi genuen astea, jakin badakigulako zein diren gure helburuak talde gisa, eta beste behin gure nortasuna eta indarrak zelaian erakusteko prest ginelako. 

Goizeko 10:30ak inguruan elkartu ginen Usabalen Bilbao Artizarrak taldearen kontra lehiatzeko. Kafea hartu eta berehala jaitsi ginen aldageletara, neguko hotzaren testigu. Partidaren hasiera pixka bat atzeratu bazen ere, lehiatzeko gogotsu irten ginen bi taldeak zelaira. 

Lehen 45 minutuetan ez genuen gure jokoan sartzerik lortu, nahiz eta baloiaren jabetza bi taldeena izan. Biek eduki genuen markagailuan aurreratzeko aukera, baina Marenen lanari esker, besteak beste, golik jaso gabe joan ginen atsedenaldira. 

Bigarren zatian partidaren gaineko kontrola hartu behar genuela bagenekien, baina ez zen erraza izan bilbotarren aurka. Minutuak aurrera joan ahala, bi taldeek golaren beharra genuen, eta azkenean, 68. minutuan, haien erdiraketa baten ondoren 0-1ekoarekin aurreratu ziren markagailuan. Burua altxa, eta azken minuturaino borrokatu bagenuen ere, ez genuen golarekin asmatu, eta hiru puntuek ihes egin zizkiguten berriro ere. 

Badakigu akatsetatik ikasten, eta ziur nago inoiz baino indartsuago itzuliko garela hurrengo erronkara.

Aupa Tolosa! 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!