Aulkitik

Liderrak bai, baina lanean jarraituz

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amatria 2025eko azaroaren 13a

Larunbatean, 16:15ean bildu ginen Usabalen. Giro ona nabari zen, baina partida gogorra izango zela ere bagenekien. Elorrio gauzak erraz jartzen ez dituen aurkaria da, eta garaipen boladarekin jarraitu nahi bagenuen sufritzen jakin behar genuen. Ondo berotu eta zelaira irten ginen.

Partida ezin hobeto hasi zen. Garaziren bolea eder baten ondorioz iritsi zen gure lehenengo gola 3. minutuan. Elorrio ez zen behera etorri eta estutu egin gintuen. Zenbait aldaketa taktiko egin eta area ertzeko falta batean Nahiak egindako geldiketa ikaragarri bati esker, emaitza atsedenaldira arte mantentzea lortu genuen.

Bigarren zatian gogotsu atera ginen. Bagenekien beste gol bat behar genuela eta lan handia egin beharko genuela horretarako. Hala, Loreren asistentzia bikain bati esker, Helenek bigarrena sartu zuen, oraingoan eskuinarekin –agian ez da pentsatzen genuen bezain ezkerra–. Hortik aurrera, borrokatzea, korrika egitea eta elkarrekin defendatzea tokatu zitzaigun.

Gure bosgarren garaipena da jarraian. Konfiantza handia dugu gugan eta gehiago nahi dugu. Datorren asteburuan Gasteizen jokatuko den partida garrantzitsua dugu aurretik. Ziur nago taldeak astean zehar dena emango duela 3 puntuak Tolosara ekartzeko.

Gora neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!