Aulkitik

Azaroan ere denak irabazi nahi ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Elena Zubiaurre 2025eko azaroaren 5a

Urriko pleno-aren ondoren azarokoaren bila abiatu ginen Bizkairantz. Goizeko bederatzietan elkartu ginen Usabalen eta hamarrak eta erdi aldera iritsi ginen Getxora. Nola ez, betiko lez, kafetxo bat partida aurretik eta denak aldageletara..

Hamabiak puntu-puntuan hasi zen norgehiagoka, eta baloiaren jabetza nagusi baten ondorioz iritsi zen Eneritzen gola urrutiko ezkerkada batez. Baloiaren jabe gu izan arren, ordu erdi igarotakoan berdindu zuten emaitza Bizkerreko neskek, eta horrelaxe joan ginen atsedenaldira. Bigarren zatia gogotsu ekin genuen. Erraz jokatzen utzi ez ziguten arren, Nora Galarzak bigarren gola sartu zuen korner batean buruz, eta berriro ere markagailuan aurre hartu genuen. Aukera garbiak izan genituen behin eta berriz, baina ez genuen hirugarrena sartzea lortu azken minutuak arte. Helenek beste behin ezkerrez barrura –bere hanka ona eskuina omen da, baina gure dudak dauzkagu…–, eta horrelaxe amaitu zen partida, 1-3.

Aurkariei eskua eman, txalo zaparrada ikusleei eta jokalariak aldageletara. Barruan, garaipeneko argazkia eta denak poz-pozik etxera.

Azaroan lau neurketa ditugu, hamabi puntu jokoan, eta lehenengo hiruak jada poltsikoan. Ea hurrengo hiru jardunaldietan berdin mantentzeko gai garen. Bide onetik goaz!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!