Aulkitik

Sailkapeneko goiko postuetan

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Itxaso 2025eko urriaren 22a

Betiko legez, asteburuko partida etxean zenez, larunbatean jokatu genuen. 14:15ean geratu ginen, batzuek kafetxoa hartu, besteek fruta jan, aldatu, hamaikakoa entzun eta berotzera irten ginen. 

Argi genuen partida gogorra izango zela: Mariño taldearen aurka jokatzen genuen, eta aurten igo badira ere, liga hasiera ona izan dutela ikusi dugu. Gogo eta indar guztiekin irten ginen zelaira. Lehen zatiaren hasieran, sufritzea tokatu zitzaigun; beroa aurka izanda, momentu txar batzuk pasatu genituen. Hala ere, lehen zatia amaitu baino lehen Kattalinen gola iritsi zen, eta beste biak jarraian etorri ziren Kattalin eta Heleneren eskutik. 

Atsedenaldira hiru eta hutseko markagailuarekin joan ginen, lasaitasun puntu batekin, baina oraindik lan handia genuen aurretik. Bigarren zatian, erritmoa mantendu eta aukerak sortzen jarraitu genuen, eta halako batean Amaiurrek laugarren eta partidako azken gola sartu zuen. 4-0eko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka eta hiru puntuak etxean geratzea lortu genuen. Garaipen honek taldea sailkapenaren goiko postuetan kokatzen du eta bolada polit honekin jarraitzea espero dugu. 

Hau guztia ondo ospatzeko, guztiok batera afaltzera joan ginen. Datorren astean atsedenaldia dugu, baina ondoren datorren erronka etxetik kanpo izango da, Bizkerreren aurka. Tolosara beste hiru puntu eramateko gogoz gaude. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!