Aulkitik

Lehen garaipena etxetik kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Eider Tejeria 2025eko urriaren 16a

Igandea eta ia astean zehar baino lehenago jaikita, 08:30ean geunden geldituta Usabalen autobusez eibartarren instalazio berriak estreinatzera abiatzeko.

Nahiz eta goiz samar izan, autobusean giro mugitua nabaritzen zen. Betiko urduritasunak sumatu arren, taldea lehengo asteko sentsazio onekin jarraitzeko asmotan zegoen, etxetik kanpoko denboraldiko lehen garaipenarekin itzultzeko Areitiotik (ikusi besterik ez zegoen astero egiten dugun porran jarritako emaitzak…).

Iritsi ginen zelaira, eta autobusak aparkatzeko egindako maniobretan bat baino gehiago erdi mareatu ondoren, motxilak hartu eta zelai berriak ezagutzera jaitsi ginen.

Eguzkia eta beroa lagun eman zitzaion hasiera partidari. Taldea indartsu atera zen eta hasiera-hasieratik izan ginen nagusi. Baloiaren jabetza gurea zen, eta eibartarrak inongo aukerarik gabe utzi genituen. Horrela, lehen aukerak iristen hasi ziren eta baita golak ere.

Lehena Garazik sartu zuen, ondo amaitutako Oihanaren pase eder baten ondorioz. Bigarrena, berriz, Irenek. Astearteko entrenamendutik jada taldean abisua eman zuen, aurreko astean bezala gola sartuko zuela, eta baita lortu ere (kontuz Mariño, hurrengoan hirutik hirugarrenaren bila doa eta). Eta hirugarrena eta azkena, berriz, Lorek. Honi ere ez zitzaizkion gogoak falta golen bat edo beste sartzeko…

Lehen zatia amaitu aurretik, beraiek, izandako aukera gutxietako batean, sartu zuten gola, eta atsedenaldira 1 eta 3koarekin iritsi ginen. Bigarren zatia, berriz, pixka bat irekiagoa izan zen, beroa eta nekea nabaritzen hasi baitziren. Hala ere, lortu genuen emaitzari eustea eta helburua beteta bukatu zen partida.

Tortillak eta bizkotxoak sari (zorionak Aini!), tripa bete, eta Tolosara abiatu ginen denak pozik. Datorren astean, atsedenaldiaren aurretik, Mariñoren aurka beste hiru puntu lortzeko gogor entrenatzean pentsatzen ari gara jada!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!