Aulkitik

Konfiantza eta ilusioa

Erabiltzailearen aurpegia Lore Etxaburua 2025eko urriaren 9a

Denboraldiko bigarren jardunaldia etxean, eta aurreko asteko emaitza atzean utzi eta sentsazio onak berreskuratzeko asmoz irten ginen zelaira.

Hasieratik argi geneukan etxean sendo izan nahi genuela, eta ideia horri eutsita atera ginen Oiartzunen aurkako partidara. Urte askotan elkarren aurka jokatu izan dugu, eta, ondorioz, elkar ondo ezagutzen dugu: bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak kontuan hartuta prestatu genuen norgehiagoka.

Lehen zatian baloiaren jabetza gurea izan zen, baina ez genuen aukera oso garbirik sortu. Azkenean, korner batean etorri zen gure kapitainaren gola, markagailua irekiz eta taldeari merezitako saria emanez. 1-0eko emaitzarekin joan ginen atsedenaldira, indarrak berreskuratu eta bigarren zatian berriro gogotsu irteteko prest.

Bigarren zatian gure jokoari eutsi genion eta bertan nagusi izan ginen. Baloiaren jabetzari eta talde-lanari esker, gol gehiago iritsi ziren: lehena Garazik egin zuen, bigarrena Eneritzek buruz korner batean, eta azkena (nahiz eta batzuk zalantzan jarri sartu zen ala ez) Kattalinek egin zuen. Azkenean, 4-0eko garaipen argiarekin amaitu zen partida.

Lehen hiru puntuak guretzat, konfiantza eta ilusioa ematen dizkigutenak. Taldea bide onean dago, eta lan horri jarraitzea da gure helburua. Hurrengo jardunaldian armaginen etxea bisitatuko dugu, eta ziur gaude berriro ere dena emango dugula, etxera beste hiru puntu ekartzeko eta egindako lanaz harro egoteko.

Azkenik, zorion berezi bat Nahiari, 3. mailan egindako debutagatik eta atea hutsean uzteagatik. Zorionak, Nahia! Merezitako saria da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!