Taldeak ia osotasunean jarraitzen bazuen ere, jokalari berriak etorri zaizkigu taldea indartzera, baita duela bi urte futbola uzteko erabakia hartu zuten hiru jokalari ere. Indarrez, gogoz eta ilusio handiz osatu dugu taldea, ezin hobea etorriko den guztiari aurre egiteko.
Aipatu moduan, denbora da taldea osatzen hasiak ginela, baina denak espero genuen momentua orain ez gutxi iritsi zen. Duela bi aste hasi genuen denboraldia, eta jakin bagenekien zer garrantzi duen irabazten hasteak, lehen jardunaldiko puntuak azken jardunaldikoak bezainbeste balio baitute eta maila honetan puntuak ez dira edonola lortzen.
Denboraldia etxean hasi genuen, beti aurkari gogor izan dugun Arratia talde bizkaitarraren aurka. Esperientzia handiko taldea, iaz igoerarako playoffak jokatutakoa. Partida zuzena izan zen, eta nahiz eta lehen zatian baloiaren jabetza osoa izan, gol bakarreko aldearekin joan ginen atsedenaldira. Bigarren zatian, gehiago sufritzea tokatu zitzaigun, eta lehen 15 minutuetan iritsi zen berdinketaren gola. Puntu banaketarekin bukatu zen partida. Balantze gazi-gozoa egin genuen, puntuarekin gustura baina bi puntuek alde egin zigutenaren sentsazioarekin.
Aurreko asteari dagokionez, aste osoa igaro genuen gogor entrenatzen, aurrean izango genuen taldea ez baitzen edonolakoa. Oraingo honetan Lezamara bidaiatzea tokatu zitzaigun, Athleticen aurka jokatzeko. Talde oso gaztea, baina kalitate handikoa. Iazko denboraldian Tolosan garaipena lortu bagenuen ere, euren etxean sufritu egin genuen eta bagenekien oraingoan ere ez zela partida erraza izango. Lehen zati kaxkarra egin genuen eta horren harira atsedenaldira 3-0ko emaitzarekin joan ginen. Aldagelan elkarri entzun, eta baliabideak aurkitzen saiatu ginen emaitzari buelta emateko asmotan.
Aldagelan hitz egin genuena segituan irudikatu genuen zelaian, eta horrela iritsi zen gure lehen eta gol bakarra. Talde osoaren presio on bati esker, Lorek taldean lortutako gola sartu zuen, baina ez zen nahikoa izan. Akatsak garesti ateratzen dira maila honetan, eta gehiago Athletic bezalako talde baten aurrean. Ez zen gure partidarik onena izan, eta 5-1eko porrotarekin itzuli ginen etxera.
Hasiera ona izan ez badugu ere, talde honek momentu on asko biziko dituela ziur nago. Orain lanean jarraitzeko unea da, akatsetatik ikasi eta denok elkarrekin aurrera egiteko momentua. Asteburu honetan berriro etxean jokatuko dugu. Derbi gipuzkoarra, Oiartzun taldearen aurka, eta ziur egon dena emango dugula lehen hiru puntuak lortzeko!
Bide batez, lerro hauek aprobetxatu nahi ditut gure taldekide Ainarari gure babes eta indar osoa adierazteko. Iazko denboraldi amaieran lesio larria izan baitzuen eta aurten denbora luzez zelaitik kanpo egongo da. Animo Aini, zurekin gaude!
Larunbatean, 17:30ean, Usabalen elkar ikustea espero dugu! Aupa Tolosa!