Ez dadila haria eten...

Erabiltzailearen aurpegia Irene Etxaburua 2025eko maiatzaren 7a

Aurtengo denboraldia ere bukaerara iritsi da, eta nahiz eta denboraldi osoko lan onari esker taldea Hirugarren Mailan mantetzeko helburua duela jardunaldi asko lortu, azken partidara gure onena ematera joan ginen, barrenak hustu eta merezitako oporrez gozatzeko.

Hilabete batzuk pasa dira lehen entrenamendutik, eta abuztu hasieran aurpegi batzuk eta entrenatzailea berria baziren ere, denborarekin talde lan ona egitea lortu dugu, errespetuz, ilusioz eta gogo askorekin. Horren isla izan da aurtengo denboraldia. Partida bakoitza lehen minututik azken minutura borrokatu dugu, egoerak alde zein kontra izan, denen artean bat eginez aurrera egin dugu. Hamargarren postuan bukatu dugu denboraldia, gol gutxien jaso duen hirugarren taldea izanik eta etxean soilik hiru partida galduta. Ez dira edo nolanahiko zenbakiak! Harro egoteko modukoak dira!

Azken urteetan ez bezala, aurten, denboraldiko azken partida etxetik kanpo jolastea egokitu zitzaigun. Azken borrokarako aurrean genuen aurkaria ez zen edonolakoa. Arratia talde bizkaitarra genuen aurrean, urte luzez lan handia eman digun taldea. Aurkariak igoerako playoff-ean sartzeko txartela lortzeko aukera zuen, eta bagenekin oso indartsu aterako zirela, baina guk ere gure denboraldia hiru punturekin bukatu nahi genuen. Hori zen jokoan zegoena bi taldeen artean Igorre zelaian.

Partidari dagokionez, gauza gutxi esateko. Ez zen espero nahi zen partida atera, eta taldeak eginiko akats batzuen ondorioz atsedenaldira 3-0eko emaitzarekin heldu ginen. Atsedenaldian, aldagelan denen artean hitz egin eta akats horiek zuzentzeko irtenbideak atera genituen. Bigarren zatian gauzak hobeto egin arren, ez ginen gai izan markagailuari buelta emateko eta denboraldia porrot batekin bukatu dugu.

Azken partida honek zapore gazi-gozoa utzi badigu ere, lerro hauek, taldea, jokalariak, entrenatzaileak, zaleak eta gu egunero babesten gaituzuen guztiei eskerrak eman eta zoriontzeko aprobetxatu nahi ditut. Talde guztiari, zorionak, egindako denboraldi politagatik, elkarrekin dena errazagoa baita! Eta zuri, zaletu, eskerrrik asko astebururo taldea animatzen egoteagatik, zelaian zein etxetik, astebururo babestuta sentitu gara eta horrek indarra eman digu momentu zailetan aurrera egin eta onetan elkarrekin disfrutatzeko!

Orain, merezitako oporrak hartuko ditugu denok, baina hau ez da hemen bukatzen, datorren urteari begira akatsetatik ikasi, eta erronka berriei aurre egiteko indarrak batuko ditugu. Ez dadila haria eten...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!