Aulkitik

Asteburu biribila nesken saileko futbolarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Goenaga 2025eko maiatzaren 1a

Larunbata egun euritsua izan arren, Berazubiko zelaian nesken futbolaz gozatzeko egun paregabea zetorkigun aurretik: Nescup torneoa.

Bertan, harrobia diren Tolosako nesken taldeen eta inguruko beste zenbait taldeek jokatu zuten. Gainera, nesken futbolaren inguruko torneoa aitzakiatzat hartuta, lehengo urtean emakumezkoen lehen taldeko futbolari izateari utzi genion hiru jokalariri omenaldi txiki bat egin zitzaigun: Eiderri, Loreri eta neroni. Eskerrik asko guztioi!

Igandeari dagokionez, aurreko partidako sentsazio gazi-gozoari buelta emateko aukera genuen aurretik lehen taldeko neskek. Gainera, etxeko azken partida jokatzen genuen Usabalen Oyonesa taldearen aurka; hortaz, hiru puntuak etxean geratzea nahi genuen. Gauzak horrela, bigarren minutuan atezaina atzean utzi eta lehen gola sartzea lortu zuen Sarak. Aitzitik, lehen zatia ez zen batere erraza izan guretzat, beraiek ere lehiatzen jarraitzen baitzuten. Bigarren zatia lehiakor hasi genuen eta zenbait aukeren ostean, bigarren gola iritsi zen Leyreren eskutik. Markagailuan aurretik joan arren, gure jokatzeko modua erakusten jarraitu genuen. Horrela iritsi zen azken minutuan Garaziren gola, zutoinaren ondo-ondotik igarotako jaurtiketarena. Azkenean, markagailua 3-0 geratzea lortu genuen eta zaletuen aurrean etxeko azken partidako hiru puntuak lortzea.

Aste honetan, ligako azken partida jokatuko dugu, Arratiaren aurka hain zuzen ere. Denboraldi polit honi amaiera biribila emateko, hiru puntuak lortzea da gure nahia. Aupa zuek!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!