Aulkitik

Jabetasun handiko partida ixteko 'Obus'-a

Erabiltzailearen aurpegia Asier Galdeano 2025eko apirilaren 2a

Azken asteko berdinketa hausteko gogoz hasi zuten astea tolosarrek. Astea arazorik gabe eta gogotsu igaro ondoren iritsi zen partida eguna Mulier talde nafarraren aurka. Betiko legez, kafea hartu eta aldagelara sartu ziren jokalariak, beroketarako arropa jantzi eta entrenatzailearen hitzaldia entzun zuten berotzera ateratzeko. Epailearen txistua entzutean intentsitatez hasi ziren tolosarrak, baloiaren jabetzarekin eta lehen minutuetan Mariaren aukera oso on batekin. Zoritxarrez atezainak gelditu zuen baloia.

Lehen zatiaren erdialdean, baloi galera baten ondorioz, Mulierrek aukera arriskutsu bat izan zuen ezker hegaletik zentro bat ipiniz eta buruz errematatuz. Maren atezainak gelditzeko saiakera egin zuen baloia ikutuz, baina baloia ate barrura zihoanean defentsa salbatzailea azaldu zen. Berdinketarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatia gidoi berdinarekin hasi zen, tolosarren jabetzarekin eta aukerekin. Mulier taldea baloi geldiko jokaldiak aprobetxatzen hasi zen, urruneko faltak areara sartzen eta errematatu nahian. Tolosar defentsa eta atezaina sendo egon ziren ekintza hauetan. Minutuak pasa eta urdin?en hainbat aukeren ondoren 88. minutua iritsi zen eta honekin falta bat tolosarren alde. Baloia eskuin hegalean kokatuta falta ateratzeko prestatu ziren Eneritz eta Ainara, nork botako ote?

Epailearen txistua entzun bezain pronto, Eneritz baloira joan eta tiro indartsu batez baloia ateko eskuin eskuadrara bidali zuen. Geldiezina atezainarentzat! 1-0ekoa jarri zen markagailuan eta talde tolosarrak 3 puntuak etxean izateko aukera paregabea. 2 minutu falta ziren eta epaileak 4 gehiago gehitu zituen. 94. minutua iristean partidari amaiera eman eta 3 puntuak etxean geratu ziren.

Aste berri bat aurretik, non tolosarrek jardunaldia ez duten, baina entrenamenduekin jarraitzen dute. Lanean jarraitu eta noski deskantsatzeko aukera paregabea.

Aupa Urdiñak!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!