Aulkitik

Berdeguneak

Erabiltzailearen aurpegia Aiheko Uria 2025eko martxoaren 26a

Aurrenekoz ATARIA-ko zutabea idatzi nuenean Karla Lekuonara egin genuen bisita.

Beti da polita Gipuzkoako talde garrantzitsuekin norgehiagokan aritzea. Beti izan dira emakumeen futbolean aitzindari, eta oihartzuna sortu izan dutenak gure futbolean. Partida ederra ikusi zuten gerturatu ziren guztiek. Orain dela gutxi berritutako zelai artifiziala testigu. Ederki geratu zaie berdegune berria aldaketarekin, espazioa, entrenamenduen antolaketa, lesioen murrizketa, eta jokoaren berariazko ezaugarriak hobetuko dituela seguru naiz.

Guk ere aspaldian badugu eztabaidagai hau gure inguruan dantzan. Berdegune berdina nahi dugu Berazubin. Berazubi izeneko estadio bitxi eta erromantiko bat dugu herriaren erdi-erdian, atletismoko pista eder batez inguratutako futbol zelai natural bat erdigunean duelarik. Altuera ederra duten harmaila batzuk albo batean, hilabetean pare bat partida ikusteko zain. Guri partida gehiago jokatzea gustatuko litzaiguke, baina badirudi gaur egungo belardi naturalak ez digula baimenik ematen. Ea beste norbaitek baimentzen digun hainbeste desio dugun aldaketa hori, eta ehunka futbol zalek erabil dezaketen ia-ia egunero instalakuntza eder hori.

Partidara bueltatuz, lehen zatian nagusi tolosarrak berdegunean eta bikain eraman zuten aurrera Oiartzun mendean hartzeko taldeko entrenatzaileak eginiko planteamendua. Hala ere, futbolean gehien balio duena gola dela esaten dute, eta halaxe da, jokoan gehiago izanik, ez genuen baloia sareetara sartzea lortu eta berdinketarekin erretiratu ginen aldageletara atsedenaldian.

Dinamika berdina bigarren zatian, gu agian indar pixka bat gutxiagorekin, baina arazo handirik gabe. Partida amaitzeko minutu gutxi batzuk faltan, akats batek beste bat ekarri zuen eta gure atezaina kanporatua izan zen. Kolokan jarri zen ordura arte egindako lan guztia baina beraiek ere ez zuten lortu gure atea zulatzea.

Amaieran puntu banaketa Oiartzunen eta sailkapeneko gune lasaian mantentzen dugu taldea, jada datorren denboraldia prestatzen hasteko irrikaz eta sortu dugun familia giro eder honi segida emateko intentzioaz. Aupa Tolosa, aupa urdinak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!