Aulkitik

Partida bikaina, baina sari txikia

Erabiltzailearen aurpegia Leyre Holgado 2025eko martxoaren 12a

Aurreko astean hiru puntu garrantzitsu lortu ondoren, Añorgara gogotsu abiatu ginen garaipenaren bila.

16:30ean Añorgako zelaian elkartu ginen partida jokatzeko, normalean baino gogo gehiagorekin derbia izanda. Hasieratik bagenekien partida zailenetako bat jokatzea egokitzen zitzaigula, bai zelaiarengatik bai eta jokalariengatik ere. Hala ere, partidari hasiera bikaina eman genion, zelai txiki horretan ahal genuena eginez. Nahiz eta beraiek pare bat aukera izan zituzten gola sartzeko, atsedenaldira iritsi baino lehen Añorgaren aurretik jartzea lortu genuen, lan handia egin ondoren merezitako golarekin.

Bigarren zatian, Tolosak lan bikaina egin arren Añorgaren nagusitasuna nabaritu zen. Minutuak igaro ahala Añorgaren lehenengo gola iritsi zen falta baten bidez. Handik gutxira bigarren gola sartzea lortu zuten, berriro ere baloi geldiko jokaldi baten bitartez, kasu honetan korner batetik. Partidaren bukaerara arte Tolosako jokalariek dena eman genuen arren, emaitza aldatzeko aukera argirik ez genuen izan.

Galdutako hiru puntu hauek oso garrantzitsuak ziren sailkapenean gora egiteko, hala ere harro joan ginen etxera zelaian dena eman ondoren. Hurrengo astean, Racing de Santander taldearen aurka jokatzea tokatzen zaigu etxean. Nahiz eta sailkapenean azkeneko taldea izan, ziur nago ez garela lasaituko eta hiru puntuak irabaztea lortuko dugula.

Goazen Tolosa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!